2012/10/31

New York, 'Sandy'k utzitako hondakinetatik suspertu nahian

40 HERIOTZA AEB-ETAN

Sagar Handia bere onera etortzen saiatzen ari da, baina Manhattango hegoaldea argindarrik gabe dago oraindik.

Eitb.com, ERREDAKZIOA, 2012/10/31





'Sandy' zikloiak hondamendi handia sortu du AEBetako ekialdean: gutxienez 40 heriotza utzi ditu, sei milioi etxe argindarrik gabe daude oraindik eta kalte materialak hamarka mila milioi dolarrekoak dira, baina jarduera ekonomikoa eta garraio publikoa suspertzen saiatzen ari dira gaur.

Oraindik ere, Manhattango hegoaldea elektrizitaterik gabe dago; etxe orratzek, Broadwayk eta luxuzko eraikinek argindarrik gabe jarraitzen dute.


New Yorken eta New Jerseyn ur maila jaisten ari da, eta, bien bitartean, 'Sandy' Kanadarako bidean dago, baina ahulago.

Michael Bloomberg alkateak baieztatu duenez, Sagar Handian 18 pertsona hil dira. New Jerseyn eta Pennsylvanian seina pertsona hil dira; bina Marylanden, Connecticuten eta Virginian; bana Ipar Carolinan, Mendebaldeko Virginian eta Massachusettsen, eta beste bat HMS Bounty ontzi historikoan (hondoratu egin da).

Kezka nagusietakoa argindarra berriz abiatzea da. Izan ere, 6,6 milioi etxe zerbitzurik gabe daude New Yorken eta New Jerseyn batik bat, baina Connecticuten, Virginian eta Pennsylvanian ere bai.

Zailtasun handiena, baina, New Yorkeko metro zerbitzua martxan jartzea izango da, kalte material handiak izan baititu, uholdeen ondorioz. Hainbat geltoki eta tunel urak hartuta daude.

Ekonomialariak kalteak zenbatzen hasi dira, eta 20.000 milioi dolar ingurukoak izango direla aurrez ikusi dute.

Airelineen sektorea kaltetuenetakoa da, igandetik 18.100 hegaldi bertan behera utzi baitituzte. Atzo arratsaldean Bostongo, Philadelphiako, Washington hiriko eta Baltimoreko aireportuak ireki zituzten, eta gaur New Yorkekoen txanda izango da.

New Yorkeko burtsa ere gaur zabalduko dute, bi egunez itxita egon eta gero.


HAUTESKUNDE KANPAINA


Gaur, Mitt Romney hautagai errepublikanoak hiru ekitaldi egingo ditu Floridan, hots, estatu erabakigarrienetako batean.

Aitzitik, Barack Obama presidenteak gaurko ekitaldi guztiak bertan behera utzi ditu, eta New Jerseyra joango da, kalteak gertutik ikusi eta biktimei babesa adierazteko.

Agintariaren esanetan, "lehentasun nagusia" argindarra berreskuratzea da, eta, horren ildotik, "oztopo" burokratikoak arintzeko eskatu die konpainiei.


ALBISTEAK (3)
BIDEOAK (2)


INFORMAZIO GEHIAGO 






No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...