2012/10/08

VENEZUELAKO HAUTESKUNDEAK - Hugo Chavez, berriz presidente


Henrique Capriles oposizioko hautagaiak aitortu egin du Chavezen garaipena, eta "guztiontzat gobernatzea" eskatu dio.

Eitb.com, ERREDAKZIOA, 2012/10/08


Argazkia: Agencia Venezolana de Noticias

Hugo Chavez Venezuelako presidenteak irabazi ditu Presidentziarako hauteskundeak, eta, horrenbestez, agintean jarraituko du 2019 urtea arte, Hauteskunde Batzorde Nazionalak (CNE) jakinarazi duenez.

Chavezek botoen % 54,42 lortu ditu, 7.444.082 guztira, eta oposizioko buruak, Henrique Caprilesek, % 44,97 (6.151.544). Lehia estua izango zela zirudien arren, azkenean presidenteak 10 puntuko aldea eskuratu du.

Venezuelako presidenteak hirugarrenez irabazi ditu hauteskundeak, eta 2019an 20 urte beteko ditu agintean.

CNEren arabera, parte-hartzea inoizko handiena izan da: % 80,94.


Chavezek "osasuna" eskatu du

Hauteskundeen emaitzak ezagutu eta gero, Hugo Chavezek agerraldia egin du Mirafloresko Jauregiko balkoian, milaka jarraitzaileren aurrean. Bertatik, "bizia eta osasuna" eskatu dio Jainkoari.

"Egun gogoangarria izan da. Horregatik, bihotz-bihotzez, eskerrak eman nahi dizkizuet, eta bizia eta osasuna ematea eskatzen diot Jainkoari", adierazi du.

Presidenteak zoriondu egin du Capriles, "egia aitortzeagatik", eta "eztabaidatzeko eta batera lan egiteko" deia egin dio.

"Oposizioko buruak zoriondu nahi ditut, egia aitortu dutelako, herriaren garaipena aitortu dutelako", esan du Chavezek.

Caprilesek aitortu egin du porrota

Henrique Caprilesek aitortu egin du Chavezen garaipena, eta "herritar guztientzat" gobernatzea eskatu dio.

"Irabazten jakiteko galtzen jakin behar da. Niretzat, herriaren borondatea sakratua da, eta herritarrek eskatzen dutenaren aurkako zerbait egitea ez zait inoiz burutik pasatu", adierazi du, prentsaurrekoan.

Oposizioko buruak jasotako babesa eskertu du. "Gaur ez dugu Presidentzia lortu, baina sei milioitik gora herritarren konpromisoa eta maitasuna lortu dugu".

Mirandako gobernadore ohiak "galtzaile ez sentitzea" eskatu die zaleei: "Hauteskunde kanpainan hazi asko landatu ditugu, eta badakit fruitu onak emango dituzten zuhaitz asko haziko direla".


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...