2012/08/16

Nork defendatzen du Siria?

Berria.info » Papereko Edizioa » Harian 2012-08-15
Golango Gainetako druso gehienek oraindik ere Baxar Al-Assad Siriako presidentearen agintea babesten dute. Nolanahi ere, golandarren komunitatean jadanik izan da lehenengo haustura.

Ozen entzuten dira gerraren oihartzunak, eta batzuetan hurbilegi bonbak. Golango Gainetako biztanleak ez daude ezaxola Sirian gertatzen denare inguruan. «Gure herria da, eta hala sufritzen dugu gerra», nabarmendu du Gandi Kaloni ekintzaileak. Israelgo okupazioaren eta Siriako gatazkaren artean Golango Gainetako biztanleek, drusoak gehienak, erabateko jarrerak dituzte. Majdal Xams da eskualdeko herririk jendetsuena. Inguruan burdinazko hesia atzeman daiteke, duela 45 urte gerra bat izan zelako frogarik bistakoena. Israel presaka ari da orain hesiko segurtasun neurriak sendotzen. Beste gerra bat dute parez pare.

Islamaren adar batekoak dira drusoak, eta, Siriako gutxiengo gehienak bezala, Al-Assaden erregimena sostengatzen dute. Elite erlijiosoek zeresan handia dute komunitatean. «Urte eta erdi pasatuta, zergatik jarraitzen dute siriar askok Al-Assad babesten? Inozoak al dira?», adierazi du Kalonik, zeinak bere farmaziaren txokotik kazetariak gonbidatzen dituen. Siriako estatuko telebista piztuta, hango albisteak seinalatzen ditu. «Hasieran, Mendebaldeak [AEBek, Israelek, Qatarrek, Saudi Arabiak eta Turkiak] hasitako konspirazio bat izan zen, baina orain gerra bat da, gerra hutsa. Bonbardaketak ikustea oso gogorra da, baina bere subiranotasuna defendatu behar du Siriak», dio Kalonik.

Golango familia druzo guztiek dituzte senitartekoak beste aldean. 1967an ezarri zen banaketa, Israelek eskualdea okupatu ostean. Halaber, eskualdeko 20.000 biztanleek siriarrak sentitzen direla aldarrikatzen dute. Mugaren alde erosotik mingarria irizten zaie gerraren krudeltasunaz jabetzea, baina iraultza hitza nekez entzuten da haien artean.

Sultanen alaba duela bi egun iritsi zen Damaskotik. Israelek eta Siriak 1970eko hamarkadan sinaturiko itunen ostean, Sirian ikasteko aukera duten gazteetako bat da. Sultan bera, Damaskoko unibertsitatera joateko baimena lortu zuen lehen taldeko kidea izan zen, 1979an. Orain, 86 ikasle itzuli dira Majdal Xamsera, Gurutze Gorriak eskainitako zerbitzuaren bitartez. Damasko 65 kilometrora dago. «Gure herrian gertatzen ari dena ez da barne iraultza bat, nazioen arteko gerra bat baizik. Eskualdea nork kontrolatuko duen dago jokoan», zaio Sultanek. «Kanpoko esku hartzerik ez balego, ustezko iraultza bat-batean amaituko litzateke. Siriarrek estatu demokratiko bat nahi dute, baina aldaketak patxadaz egin nahi dituzte».

Sultanen jarrerak bat egiten du Golango biztanle gehienen iritziarekin, eta kalean nagusi den beldurra plazaratzen du. «Talde terroristak ari dira Siria zatitu nahian. Al-Qaeda eta talde fundamentalistak daude gerraren atzean, eta diru truke ari dira erasoak egiten». Halere, Anaia Musulmanen kontra egiten du: «Errebantxa sunita ari dira prestatzen».

Beste ahots batzuk

Siriakoa iraultza bat den ala ez da Majdal Xams herriko kaleetan gehien entzuten den eztabaida. Hala dela argi dauka Xefaa Abu Jamal gazteak. «Badakigu gutxiengoa garela, baina horrek ez du esan nahi gure ahotsa altxatzeko eskubiderik ez dugunik».

Ostiral arratsaldero erregimenaren kontra protesta egiten du Facebooken sorturiko Siriako Iraultzaren Oihartzunak taldeak Majdal Xamsen. «Badakigu protesta sinbolikoa dela. Ez dugu Sirian gertatzen ari dena aldatuko, baina betebehar moral bat iruditzen zaigu», adierazi du Salman Fakhir Deen idazleak. «Siriarrak oinarrizko eskubideak aldarrikatzen ari dira. Konspirazioaren teoria diktaduraren aitzakia bat da, botereari eusteko».

Elkarretaratzean herriko gazteak batzen dira batik bat, 50 inguru. Askoren eskuetan, Siriako Armada Askearen ezaugarria: bandera berdea, zuria eta beltza, eta hiru izar gorriak. Urrunean «Alla, Siria, Baxar, eta kito» oihukatzen dute beste gazte batzuek Al-Assaden alde. «Traidore deitzen digute, baina ez dit ardura. Esnatzeko beharra genuen. Golandarrok geldiegi egon gara azken urteetan. Ez gara iritzi desberdinen inguruan eztabaidatzen ari, talde desberdindu modura bizitzeko eskubideaz baizik», nabarmendu du Xefaak.

Adeeb Safadi aktorea da, eta iragan otsailean itzuli zen Damaskotik. «Alde egitera derrigortu ninduten. Ez gara inozoak, badakigu orain iraultza ez dagoela Siriako herritarren esku, baina horrek ez dit errebolta egiteko zilegitasuna zalantzan jartzera eramango».

Israel jomugan

Denbora luzez elkarri joka aritu diren hiru herrialderen arteko bidegurutzea dira Golango Gainak. Israel, Libano eta Siriaren arteko lotura, hain zuzen. Toki estrategikoa direla ahaztu gabe, Israelek ez du 1967an ere konkistatu zituen Zisjordania, Gaza eta Jerusalem ekialdean inposatutako politika bera ezarri. Kolonia gutxi daude, eta Golango siriarrek Israelgo herritartasuna dute, nazionaltasunik gabe bada ere.

Nolanahi ere, oso militarizatua dago eskualdea. Israelek Siriako gatazkan duen rolaren inguruan ere banatuta daude golandarrak. «Al-Assadek aspaldi saldu zion Golan Israeli, baina biei komeni zaie etsaiaren rola jokatzen segitzea. Biek dakite ez dutela berriz gerrarik egingo; baina, bitartean, diskurtso populistei eusten diete: batak Golan askatuko duela eta besteak mehatxuen kontra muga babestu behar duela».

Siriako agintea erortzeak Israeli ekar dakiokeen mehatxuaz aritu dira Israelgo hedabideak azken asteetan. Al-Assad arerioa ahalik eta hurbilen mantentzearen teoriaren alde egin dute gehienek. Jarrera hori, ordea, propaganda zikina iruditzen zaio Sultani, eta Xefaarekin bat ez datorrela argi utzi nahi du: «Siriak Golango Gainak berreskuratu nahi ditu, eta horretan ari da 1967tik. Inperialismoaren aurrean sinesgarria den herrialde bakarra da, baita palestinarren alde sutsuki borrokatzen duena ere». Baina Al-Assadi buruz hitz egitean ez da eroso sentitzen: «Gu ez gaude Al-Assaden alde, Siriaren alde baizik. Gure herria suntsitu nahi duen kanpoko edozein mehatxuren kontra tinko jarraituko dugu». Golan Siriako boterearekiko inoiz baino fidelago dagoela dio.



Behin-behineko su etena proposatu die oposizioko NCC taldeak bi alderdiei Siriako NCC Koordinaziorako Batzorde Nazionalak —egoitza herrialde barruan duen oposizioko talde nagusiak— «ahal bezain laster» behin-behineko su-etena egitea proposatu die bai gobernuari eta bai Siriako Armada Askeari, indarkeria geldiarazi eta trantsizio demokratikoa abiatzeko. Lau puntuko proposamenak presoak askatzea eta nazioarteko laguntza humanitarioari sartzen uztea biltzen ditu, besteak beste.

Bestetik, Riad Hijab Siriako lehen ministro ohiak prentsaurrekoa eman du Jordanian, joan den astean kargua utzi ostean lehen aldiz. Baxar al-Assaden agintea «desegiten» ari dela esan du, eta gobernuak soilik lurraldearen %30 kontrolatzen duela. AEBek bere kontra jarritako zigor ekonomikoak kendu dizkiote.


Informazio gehiago

  • Bideoa: Drusoek gerratik at egoteari utzi diote. Gutxiengo erlijioak presidentearekin daude eta orain arte gerratik at bizi baziren ere, oposizioaren helburu bihurtu dira eta hauen erasoak jasaten hasi dira. Eitb.com, 2012/08/29


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...