2012/06/07

Zer eragin ditu arrisku saria igotzeak?

Finantza krisia

Adrian Serrano Norbolsako adituaren hitzetan, "Espainiak demografiari lotutako arazo ekonomikoa du".

Eitb.com, Naiara Ballesteros, 04/08/2011 14:09:00

Adrian Serrano, Norbolsako analista.

Inbertitzaileek une jakin batean herri bateko ekonomian duten konfiantza maila neurtzeko tresna da arrisku saria. Horretarako, Alemaniako bonorekiko aldea erabiltzen da, hori baita fidagarriena.

Espainiako zor publikoaren interesaren zenbatekoa Altxor Publikoak egindako enkantean zehazten da, jaulkipen bakoitzerako. Interes hori lehen mailako merkatuan zehazten da eta ez da inoiz aldatzen bonua indarrean den bitartean. Hala ere, jaulkipen merkatuan, lehen mailako merkatuan, erosten dituzten inbertitzaileek negoziazio merkatuan, bigarren mailako merkatuan, saldu ahal dituzte, iraungi baino lehen.

Herrialde baten arrisku saria gehiegi igotzen bada, herrialde horretako zor publikoa garestitu egiten da, eta bankuen eta enpresen likidezian eragin kaltegarriak izan ditzake horrek.

Zor publikoa asko garestitzen bada eta, hartara, Estatuak hori saltzeko zailtasunak baditu, bankuek arazo handiagoak izango dituzte atzerrian finantzazioa lortzeko, eta, ondorioz, kreditu gutxiago eta garestiagoak emango dizkiete enpresei eta herritarrei. Halaber, enpresa horiek lanpostu gutxiago eskainiko dituzte eta herritarrek gastu txikiagoa egingo dute, zailago baitute dirua izatea.

Adrian Serrano Norbolsako adituaren hitzetan, "zaila da egoera onartzea". "Inbertitzaileek ez dute konfiantzarik Espainiako zorra erosteko, herrialdearen egituran arazo bat dagoelako. Demografiari lotutako arazo ekonomikoa dauka Espainiak".

"Pertsona nagusiek erretiro-pentsioak kobratzen zituzten bitartean, belaunaldi ugariek lan egin eta ekoitzi egiten zuten, orain arte; orain, gazteak gutxiago dira eta arazo handiagoak dituzte lan-merkatuan sartzeko, eta ''baby boom’aren garaiko gizon-emakumeen erretiro pentsioei, osasun zerbitzuei eta abarri egin behar diete aurre", esan du Serranok.

Halaber, bizi itxaropena handiagoa denez, arazo demografikoa areagotu egin da; izan ere, inbertitzaileen ustez, "Espainiak azpiegitura ekonomikoa aldatu behar du, edo zaila izango da norbaitek bere zor publikoa erostea".

EAEko egoerari dagokionez, Serranok "hobe samarra" dela esan du, baina Espainiako egoeraren mendekoa dela ere ohartarazita; izan ere, Espainiaren egoera "zaila" bada, "Euskadiri ez diote diferentzial hoberik emango atzerrian saldu nahi duenerako".

Azkenik, Espainiaren balizko erreskate baten harira, Serranok bideraezina dela uste du, Grezian, Portugalen eta Irlandan planteatu den moduan behintzat; izan ere, EBk ez du diru nahikorik Espainia erreskatatzeko. Hala ere, "abuztuan aldaketa asko izaten dira eta horiek asko igartzen dira, gainera "; hortaz, “itxaron beharko da”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...