2012/06/12

Haur babestuegiak


Seme-alaben esanetara

Heziketa zurrun eta zorrotza jasan zuten guraso ugarik kontrako bideari heldu dio gaur egun: seme-alabak ez dezan minik hartu, ez dezan negarrik egin, ezerk ez dezan nahigabetu... gehiegi babesten dute, haren menpe geratzeraino. Haurtzaroan ezetzik jaso ez duen gaztea nerabezarora iristen denean, eztanda egin ohi du egoerak.

Mikel Garcia

Mikel Garcia argia.com, 2316. alea 

2012-03-25
Gurasoengandik ezezkorik jasotzen ez duen haurrak, gainerakoengandik ere ez du ezetzik onartuko. Umeren batek ez badu berarekin jolastu nahi, ez du ulertuko, eta agresibo jarri daiteke, jo egingo du beharbada, edo kasketa harrapatuko du... (Marrazkia: Garbine Ubeda)

“Lasai, nik lotuko dizkizut oinetakoak, oraindik ez dakizu-eta, eta nik bainatuko zaitut, nik jantziko, hortzak garbituko eta eskolara eramango; eta gauero bezala nire ohean egingo duzu lo, amesgaiztorik ez izateko”. 8-10 urteko seme-alabari horrela mintzatzea ez da hain kasu apartekoa. Eskolara haurraren bila joan eta gustuko duen askaria baino ez dio eramango gainera, bestela haserretu egin daitekeelako, eta parkera joan nahi badu, euria ari duen arren, umearen nahia beteko du gurasoak.

Umetan denok erori gara noizbait bizikletatik, eta belaunean hartxintxarrek eragindako zauria dugula ikusi ostean, altxatu eta bizikletan jarraitu dugu. Gaur egun, guraso ugari larrituta gerturatuko dira erori berri den seme-alabarengana, eta neurrigabeko garrantzia emango diote zauriari. Garaiak aldatu direlako. Guraso asko jarrera autoritarioen beldur dira, sarri beraien gurasoengandik eredu horixe jaso zutelako eta hurrengo belaunaldiarekin hori konpentsatu nahi dute, afektu eskerga eskainiz, baina gaizki ulertutako afektua. Hala azaldu du Iñigo Ochoa de Aldak, psikologo, irakasle eta aita arabarrak. Arazoak dituzten adin txikikoen terapeuta ere bada Ochoa de Alda.

Seme-alaben sufrimendurik txikiena onartu ezin duten gurasoez hitz egin digu. Sasoi bateko “utziozu negar egiten, ona da-eta” gisako esaldien kontrara, haurraren samina gaizki daramate, umeak angustiarekin bizi duela ulertzen dutelako, eta ez ikasketa prozesu moduan, “baina haurrari ez badiozu uzten sufritzen eta frustrazioa sentitzen, ez diozu uzten bere kabuz ikas dezan egoera ezkorrei aurre egiten”. Adimen emozionalaren, liburuen eta informazio burrunbaren aroan, psikologo eta hezitzaileak hein batean erantzule izan daitezkeela aitortu du Ochoa de Aldak. Amak eta aitak bizi duten presioa handia da, gainontzekoek pentsatuko dutenarekiko eta guraso txar izatearekiko izua, orain badirudielako mundu guztiak dakiela edo jakin beharko lukeela heziketaz eta psikologiaz: “Gurasook etengabe jartzen dugu zalantzan nahikoa ote den egiten duguna, lehen lasaiago hartzen zituzten gauzak, baina gaur egun gure buruari asko exijitzen diogu eta horrek batzuetan ez digu uzten ikusten umeari den-dena ematea ez dela guraso ona izatea. Une jakin batean haurra bizikletatik erori eta korrika joaten bagara bila, larrituta, ez da ezer gertatzen, ez du esan nahi gehiegi babesten dugunik, arazoa da jokaera horiek finko bihurtzen direnean, eredu”.

Gaizki moldatzen diren bikoteetan, bikotekideari eskaintzen ez dioten arreta umearengana zuzentzen omen dute hainbatetan, edo lana dela-eta seme-alabari denbora gutxi eskaintzen zaiola orekatzeko, gehiegi babesten dituzte. “Jateko ohituretan sarri ikusten da hori: gutxi egoten naiz umearekin, nagoen denbora hori ez dut pasa nahi ondo jan dezan borrokan, pizza afalduko dugu eta kito, eta bere logela ere nik neuk jasoko dut, ez liskartzearren”. Umeak aprobetxatu egingo du egoera, ohartzen delako haserretzen denean aita eta ama urduri jartzen direla, edo triste, eta modu horretan jokatuz gurasoak “tiranizatu” ditzakeela.

“Haurrari ez badiozu lagatzen sufritzen eta frustrazioa sentitzen, ez diozu uzten bere kabuz ikas dezan egoera ezkorrei aurre egiten” Iñigo Ochoa de Alda, psikoterapeuta
“Lotura afektibo arriskutsua sortzen da, inkontzienteki zera adierazten diozulako umeari: zuri min egiten dizunak niri ematen dit min, ni ondo egongo naiz zu ondo bazaude” Iñigo Ochoa de Alda, psikoterapeuta
Eskubide guztiak eta inongo ardurarik ez izatera ohituta dagoenak xantaia egiten eta exijitzen jarraituko du. “Nahi duen guztia egiten uzteak demokrazia faltsua eragiten du: nerabeak uste du denerako eskubidea duela”
Umea mimatzea vs. gehiegi babestea

Merezi ez arren, haurrari nahi duena eta gehiago ematen diogunean, mimatzen ari gara, Olentzerotan opari mordoa jasotzen duenean esaterako, baina prozesu kontzientea da. Gehiegi babestea arazo sakonagoa da, gurasoak jokatzen baitu seme-alaba bere parte bailitzan, ez da bereizteko gai, eta umeak sufritzen badu, gurasoak sufritzen du. Hala, ez dio utziko gauza berriak probatzen, sufritu badezake, eta bizikletan ez du jarriko erori daitekeelako, igerilekuan ez du sartuko ura irentsi dezakeelako, elurretara ez du eramango katarroa harrapatu dezakeelako… “Lotura afektibo arriskutsua sortzen da, umeari inkontzienteki zera adierazten diozulako: zuri min egiten dizunak niri ematen dit min, ni ondo egongo naiz zu ondo bazaude. Konturatu gabe, aitak edo amak seme-alaba erabiltzen du akaso gurasoari falta zaion ongizatea umeari emateko”, argitu du psikologoak.

Non dago muga, ordea? Noiz eta zenbat utzi behar diogu seme-alabari sufritzen? Ochoa de Aldaren hitzetan, sen ona eta erdibidea dira giltza. Alegia, garai batean zabalduagoa zegoen eredu autoritarioaren funtsean kontrol asko eta afektu gutxi daude, eta gehiegi babesteak kontrol asko eta afektu asko ditu oinarri, bada, kontrola eta afektua neurrian bideratzea litzateke egokiena, seme-alabari jarraibideak ematea, afektuarekin. Umea bizikletatik erortzen denean, laguntzera joan daiteke gurasoa, baina lasai gerturatuz eta gertaerari duen garrantzia emanez, hartara haurrak jakingo duelako, negar egin arren, gertatu zaiona ez dela larria. Eta negarrez ari bada, ordu erdiz negar batean bakarrik uztea ere ez da soluzioa. Psikologoaren hitzetan, “kontua da denok ikusten dugula eredu autoritarioegia okerra dela, baina gehiegi babestearen gaitza ez da hain argi ikusten, badirudielako gehiegi maitatzea ez dela txarra. Eta ondoren, haurrak nerabezaroan eztanda egiten duenean, gurasoak harrituta geratzen dira, ‘baina nola kexatu zaitezke, eman dizudan guztiarekin, zuregatik egin dudan guztiarekin?’”. Bai, behar eta eskatutako guztia eman dio haurrari gurasoak, baina autonomia ohiturak har ditzan galarazi dio.

Ikasleen artean egunero ikusten duen errealitatea dela azaldu digu Iñaki Garijo irakasleak. 25 urtetik gora daramatza Garijok irakasten eta Donostiako Axular ikastolan egiten du lan, 11-12 urteko haurrekin. Babestuegiak daudela nabari den ikasleen artean, bi mota bereizi ditu. Batetik, nahi dutena egin dezaketela uste dutenak daude, badakitelako gurasoen sostengua izango dutela haien ekintzek, handiuste jokatzen dute ikasle eta irakasleekin. “Adibidez, duela gutxi bi ikaslek gatazka izan zuten elkarren artean, horietako batek oso jarrera harroa erakutsi zuen bildu genituenean, bada, ondoren, haur horren aita beste ikaslearengana joan, lepotik hartu eta mehatxatu egin zuen. Halakorik ezin da onartu, eta gainera, konturatu ez arren, bere buruari harrika ari da aita hori, semea beti duelako liskarren batean sartuta eta normala da, aitak babesten duela ikusten du-eta”.

Beste haur batzuk berriz, kikilduta ikusten ditu Garijok, ohituta daudelako gurasoak dena egin diezaieten, oso markatuta dute bidea eta autonomia falta zaie. “Beldurrarekin-edo jokatzen dute harremanetan, aparte bezala geratzen dira, isilik, bigarren maila batean, eta talde lanetan ez dute parte hartzen edo etxean egiteko uzten dituzte ariketak, han gurasoek lagunduko dietelako. Ez dute jarrera agresiboa, baina haien gurasoekin hitz egiterakoan jabetzen gara etxean beste aurpegi bat erakusten dutela, eskolan baino tiranoagoak direla”.

Irakaslearena da errua

Iñaki Garijok argi du, gurasoa inplikaturik ez badago, gutxi egin dezakeela eskolak berak bakarrik haurren heziketan. “Normalean istiluren baten harira elkartzen gara gurasoekin, esaten diegu umeak errespetu falta duela, edo borrokaren batean hartu duela parte… eta batzuek ulertzen dute, neurriak jartzen dituzte, baina beste batzuek ez dituzte arazoak ikusi nahi eta esaten dizute hori ez dela horrela, ez dela egia. Itsututa ikusten ditut eta gurasoek ez badute ikusi nahi… Eskolak bere neurriak hartzen ditu, adimen emozionalaren ildotik autoestimua eta halakoak lantzen ditugu, baina eskolaren eta gurasoen arteko koordinazioa da onena”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...