2012/06/19

Ekainak 20: Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna Getxon


Iturria: CEA(R)


Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Astelehena, 2012 Eka, 18 - 04:35 PM

Politika
Asteazkenean, bihar, izango den Errefuxiatuen Munduko Egunaren harira, "Gure egia ikusgai eginez” izenburuko argazki erakusketa eta sentsibilizazio tailerra izango dira bihartik aurrera Algortako Villamonte kaleko kultur etxean. Erakusketa uztailaren 6ra bitartean izango da ikusgai. Bertan, Ipar Irlandako gatazkak eta munduko beste batzuek eragindako trauma arintzeko argazkia eta antzerkia erabili dituzten 26 emakumeren lana ikusi ahal izango da. Emakumeen lan prozesu kolektiboaren emaitza da, norberaren esperientziaren lau argazki (iragana, orainaldia, etorkizuna eta erretratua) ikusi ahal izango direla. Johdi Quinnek, garapen komunitarioan eta gatazken testuinguruetan aditu eta erakusketaren koordinatzailearen arabera, “erakusketak emakume horien une traumatikoak erakusten ditu eta, besteak beste, beren adorea eta irmotasuna aurrera ateratzeko eta baita indarkeriarik eta jazarpenik gabeko etorkizunarekin amets egin ahal izateko aukera ere”. Ostegunean, hilaren 21ean, Villamonten ere, Johdi Quinnek berak eta Rosario Vasquez, Giza Eskubideen defendatzaileak gidatuko dute tailerra. Izen-ematea leire.lasa@cear.es helbide elektronikora idatziz egin daiteke. Argazkian, ekimeneko prentsaurrekoa / © Getxoko Udala.

Ekimena EAEko CEAR, Errefuxiatuei Laguntzeko Batzordearen eskutik heldu da eta Getxoko Udaleko babesa izan du. Izan ere, Udalak duela bost urtez geroztik asilo eta babesaren ikuspegia hartzen du kontuan Immigrazio eta Kulturartekotasuneko Unitateak aurrera eramaten dituen sentsibilizazio jardueretan. Asilo-eskubidea gure inguruan oso ondo ezagutzen ez ei den eskubidea da, gure artean beren herrialdeetatik arraza, erlijio, nazionalitate, iritzi politiko edo genero arrazoiengatik jazarpena jasan eta ihes egin behar izan duten pertsona errefuxiatuak bizi arren. "Antza denez atzera egiten ari den asilo-eskubiderako bermeak hartzeko beharra aldarrikatzen dugu Udaletik, eta antolatzen ditugun jardueren helburua Getxoko pertsonek, kolektiboek eta erakundeek asilo-eskubidearen egoera larriaz kontzientziatzea da eta baita aipatutako pertsonen errealitatera hurbilaraztea ere, bizi duten egoeraz kontzientzia hartze aldera", nabarmendu du Elena Coria Immigraziorako zinegotziak.

Bestalde, Patricia Barcena, EAEko CEAReko zuzendariak, Udalari bere parte hartzea eskertu ondoren, gogoratu du gaur egun munduan 43 milioi baino gehiago direla jazarpenen eta giza eskubideen urraketen ondorioz lekuz aldatu behar izan diren pertsonak. Erakundearen zeregin nagusiak dira errefuxiatuekin duten esku hartze zuzena eta gizarte eraginari eta partaidetza dagozkion prozesuak, "lekuz aldatu behar izan diren pertsonak ikusgai egiteko helburuarekin, herritar kritikoak eta kulturen arteko elkarbizitza sustatuz. Ekainak 20ko jarduerek, erakusketak eta tailerrak tartean, gizartearentzako deia izan nahi dute" azpimarratu du EAEko CEAReko zuzendariak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...