2012/02/15

Europako Batzordeak isuna ezarri liezaioke Espainiari, langabeziagatik

EITB.com, Erredakzioa, 2012/02/15

Olli Rehnek "gehiegizko" sei desoreka makroekonomiko, besteak beste langabezia tasa, zuzentzeko eskatu dio Mariano Rajoyren Gobernuari; bestela, baliteke Espainiari 1.000 milioi euroko isuna jartzea.
Olli Rehn, hedabideen aurrean Bruselan.

Europako Batzordeak "gehiegizkotzat" jo dituen sei desoreka makroekonomiko zuzentzeko eskatu dio Espainiari; besteak bete, langabezia murrizteko eskatu diote; osterantzean, 1.000 milioi euroko isunari aurre egin beharko lioke.
Olli Rehn Europako Batzordeko presidenteorde eta Gai Ekonomikoetako arduradunak prentsaurrekoan azaldu duenez, Espainiaren kasuan, "abian jarritako oinarrizko erreformen analisi sakonagoa behar dugu", batik bat langabezia-tasa handia, eta higiezinen burbuilak eta maileguen 'boom'ak herrialdean eragindako egoera zailaren ondorioz.
Halaber, Europako Batzordeak 2012ko aurrekontuak "azkar" aurkezteko eskatu dio Espainiari, defizita murrizteko konpromisoa daukan erakusteko.
Olli Rehnen hitzetan, orain "ezin dira" Espainiaren 2011ko defizit datuei buruzko "ondorio goiztiarrak atera". Ildo horretan, Europako Batzordearen aurreikuspen ekonomikoak gogorarazi ditu: tartekoak otsailaren 23rako, eta osoak udaberrirako.
Europako Batzordearen arabera, 12 Estatu kideren egoera ekonomikoaren analisian sakondu behar da.
Hamar adierazle kontutan hartu ditu Europako Batzordeak desoreka ekonomikoen lehen txostena egiteko: langabezia, defizita, nazioarteko inbertsioak, esportazioen kuotak, lan-kostuak, truke kostuak, sektore pribatuaren zorra, maileguen jarioa sektore pribatuan, etxebizitzaren salneurria eta zor publikoa. Eta Espainiak horietako seitan huts egiten du.


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...