DATOZEN LAU URTEETAN
BILBO, 16 (EUROPA PRESS)
Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak Turismoaren Industriarako 2011-2015 Agintaldiko Plana aurkeztu die gaur Bizkaiko Batzar Nagusiei. Datozen lau urteetarako aurreikusita dauden jarduera-ildoak jasotzen ditu planak, eta foru erakundeak 45 milioi euro inbertituko ditu agintaldi honetan plana garatzeko.
Zehazki, hauek dira planaren helburuak: sektorearen eragin ekonomikoa handitzea, turismoaren industriaren lehiakortasuna sustatzea eta turismoaren adierazle nagusiak hobetzea (sarrerak, ostatu-gauak, batez besteko egonaldia eta bidaiari motak).
Pradalasen hitzetan, aurreko urteetan oinarrizko baldintzak sortu dira turismoaren industria bat behar beste bermerekin funtsatzeko. Gaur egun, baldintza horiek finkatuta daude, eta "Bizkaia Euskadiko turismoaren motor bihurtu da, sektorearen negozioaren ia erdia baitauka".
"Beraz, etorkizuna sortzen hasteko garaia da. Bizkaiaren garaia da, Bilborekin batera. Turismoaren aldeko apustu sendoa egiteko garaia da. Ekonomia Sustatzeko diputatuak esan du erabateko konfiantza daukatela beren ahalbideetan eta sektore ekonomiko honek Bizkaiko enpresa eta agente turistikoei ekar diezazkiekeen onuretan", azaldu du.
Euskal Autonomia Erkidego (EAE) osoan erregistratzen diren turista-sarrera guztien %48,1 eta ostatu-gauen %47,3 ditu Bizkaiak. Gainera, 1.569 milioi eurorekin BPGren %4,7 izatera eta 30.000 laguni enplegua zuzen edo zeharka ematera heldu da.
Planak helburu handinahiak ezartzen ditu datozen lau urteetarako, hala nola Bilbo-Bizkaia batasuna garatu eta sendotzea, 150 produktu turistiko berri sortzea eta banatze-bide berriak garatzea 2015ean sektorearen pisua BPGren %6raino gehitzeko eta 1,4 milioi bisita eta 2,8 milioi ostatu-gau lortzeko.
Halaber, planak turismoa industria estrategikotzat hartzen du, eta lehentasuna ematen dio turistaren aurrean, zeina orain arte protagonista izan baita sektorea sustatzeko erakunde-jardueretan. Pradalesen esanetan, turismoa Bizkaiarentzat jarduera ekonomiko estrategikotzat jotzeak beste urrats bat ematera behartzen gaitu, zehazki, gure industria turistikoaren lehiakortasunaren hobekuntzari heltzera.
BOST LAN-ILDO
Gaur aurkezturiko planak bost lan-ildo ditu. Alde batetik, turismoaren sektorea normalizatzea, hau da, arlo batzuetan antzemandako hutsuneak eta oztopoak konpontzea, hala nola garraio publikoaren erabilera turistikoa, interes turistikoko guneak seinalatzea edo informazio turistikoa emateko eguneko 24 orduetan funtzionatzen duen telefono-zerbitzua.
Halaber, dinamizazioa bilatuko du, produktu turistiko erakargarriak eta efizienteak sortzeko gai diren enpresa berriak sustatuz eta tokiko inpaktua sortzen duten erakundeekin itunak eginez. Hirugarrenik, produktu horiek merkatuan dauden formula guztien bitartez merkaturatuko dira, bereziki, internez bidez.
Gainera, sektorea profesionalizatu nahi du planak, industriaren eskaeretara hobeto egokitzeko gero eta globalizatuago dagoen merkatu batean, eta azkenik, sare turistikoak nazioarteko bihurtzea da bosgarren lan-ildoa, merkatu eta negozio berrietan aukerak bilatzeko; helburu hau lortzeko, kanpoko sustapena erabiliko da.
Bost ardatz horiek garatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak 45 milioi euro inbertituko ditu, guztira, 2015era arte. Diru kopuru hori, batez ere, sektorea dinamizatzeko izango da. Zeregin horretan, hain zuzen, aurrekontuko %55 inbertituko da (24.750.000 euro); nazioarteko bihurtzean, berriz, funtsen %25 (11.250.000 euro); gainerako zenbatekoa produktu berriak merkaturatzeko (4,5 milioi euro), sektorea normalizatzeko (2,25 milioi euro) eta profesionalizatzeko (2,25 milioi euro) izango da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario