2011/12/13

Zertan dira ezberdin talde parlamentario propioa eta Talde Mistoa?

HAUTESKUNDE OROKORRAK. EITB, 2011/11/22

Alderdiek lortutako ordezkaritzaren arabera osatuko dute talde parlamentarioa, edo Talde Mistoan sartuko dira. Baina, zergatik da hobe talde propioa izatea?
  • Amaiurrek ez du bermatuta talde parlamentarioa izatea.
Hauteskunde batzuen ostean, ohikoa da alderdiek talde parlamentarioa osatuko dutela edo Talde Mistoan sartuko direla entzutea. Baina, badakigu zertan dira ezberdin bi aukerak? Zergatik da hobe talde parlamentario propioa izatea?
Kongresuan talde parlamentarioa izateko, Ganberako araudiak ezarritako bi baldintzetako bat bete behar da: gutxienez bost eserleku eta Espainia osoko botoen % 5 lortzea, edo gutxienez bost eserleku eta zerrenda aurkeztu den lurraldeetan botoen % 15 eskuratzea. Baldintzok bete ezean, diputatuak Talde Mistora pasatzen dira.
Talde parlamentarioa izateak hainbat onura dakar: baliabide ekonomiko eta tekniko handiagoak, independentzia ekimen legegileak kudeatzeko, Gobernuari zuzenean galderak egitea, Kongresuko agerraldietan denbora luzeagoa eta ordezkari gehiago organo parlamentarioetan.
Adibidez, alderdi baten jarduna aktiboagoa izango da talde parlamentarioa izanda, eta gutxienez ordezkari bat bermatuta izango du Kongresuko batzorde guztietan, Sekretu Ofizialenean eta Gastu Erreserbatuenean, kasu. Hots, sarbidea izango du Estatuaren informazio sekretuan ere.
Halaber, lekua izango du Diputazio Iraunkorrenean, hots, ezohiko garaietan eta Gorteak deseginda daudenean Ganberako osoko bilkura ordezkatzen duen organoan.
Talde parlamentarioek eskubidea dute eztabaida guztietan parte hartzeko, denbora muga berdinekin, eta kontrol saioetan Gobernuari galdera zuzenak egin diezaizkioke. Gainera, hainbat onura ditu legez besteko proposamenak sortzeko.
Estatuaren egoerari buruzko eztabaidetan, talde parlamentarioek 15 arteko proposamen edo ebazpen aurkez ditzakete. Talde Mistoaren kasuan, zenbakia txikiagoa da.
Prentsaurreko bat astean eta 12.000 euro hilean
Bestalde, talde parlamentarioek prentsaurrekoa eskaini dezakete astero Kongresutik, saioetako gai-zerrenda adosteko bozeramaileek egiten dituzten bileren ostean.
Ekonomiari dagokionez, Estatuak 12.000na euro ematen dizkie talde parlamentarioei. Talde Mistoan, noski, barruan dauden alderdi guztien artean banatu behar da 'pastela'.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...