2011/12/13

Alerta gorria ezarri dute EAEn itsasoan izango den denboralea dela eta. 2011/12/13-16


MUTURREKO METEOROLOGIA. EITB, Erredakzioa, 2011/12/13 (martitzena-asteartea).
Herrizaingo Sailak larrialdi aurreko egoerarako plana abian jarri du ostegunean bereiziki 7 metrotarainoko olatuak eta 120 km/h-rainoko haize-ufadak eman daitezkeelakoan.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei aurre egiteko Meteorologia Zuzendaritzak alerta gorria ezarri du ostegun honetarako EAEn kostaldean eman daitezkeen olatu handiak eta haize-bolada gogorrak direla eta. Horrela, udazkeneko lehen denboraleak 120 km/h-rainoko haize-ufadak eta zazpi metrotarainoko olatuak ekarriko ditu. Hori dela eta, Herrizaingo Sailak Euskadiko Babes Zibileko aurre larrialdiko Plana abian jarri du.
Euskalmetek azaldu duenez, "Atlantikoaren iparraldean kokatutako presio baxuetako guneak mendebaldeko haize bolada indartsuak eragingo ditu eta itsasoaren egoerak okerrera egingo du".
Gaur bertan nabarituko dugu olatuak hazten hasiko direla eta olatuak 3,5 metrora iritsi litezke. Hala ere, asteazken arratsaldetik aurrera eta ostegun goizera arte, 7 metroak izan litezke. 100 km/h baino gehiagoko ufadak jaso litezke mendi inguruetan eta kostaldean, eta gainerakoan haizea 70-80 km/h-ko abiaduraren bueltan egon liteke.
Kontsultatu eguraldiaren egoera zuzenean gure webkamak erabiliz; Eguraldiblogen, alerta egoera honetan ateratako argazkiak elkartrukatu ahal dituzu.
Segurtasun neurriak
Getxoko Udalak asteazkenean olatuek jotzen duten guneetara ez gerturatzea gomendatu du (Arriluze pasealekutik Itsasargira edo Portu Zaharretik Olara).
Udalak arriskuan dauden guneetan dauden saltokiei ere segurtasun neurriak kontuan hartzeko gomendatu die eta "alerta larritzen doan heinean segurtasun neurri gehiago martxan jarriko dituzte".
Bilboko portuko gune industrialak ez du ostegunera arte lan egingo. Hala ere, orain arte normaltasunarekin ari dira lanean, Santurtzi aldean.
Gainera, eta ostegunerako iragarri duten eguraldi zakarraren aurrean, Bilboko Portuko agintariek ontziei edozein unetan prest egoteko eskatu die.
Horrez gain, besteak beste Bermeotik datozen arrantza ontziak Bilboko itsasadarrean porturatu dituzte, Deustuko kanalean.
Gipuzkoan, Donostiako Udalak kostaldean aparkatutako autoak kentzeko agindua eman du (Aldamar eta Salamanca pasealekua, Soraluze, Jauregi Generala, Euskalherria, Lertxundi eta San Juan kaleak). Gainera, haize bolada indartsuen iragarpena betetzen bada, parkeak ere itxiko ditu.
Eusko Jaurlaritzak kostaldeko hormetan inspekzio teknikoa egitea eskatuko dutela ere iragarri du Donostiako Udalak.
0-1 sektoreko ibilgailuek hiriko beste edozein gunetan aparkatzeko baimena izango dute. Paseo Berrian eta Haize Orraziaren pasealekuan ezingo dira autoak eta ibiltariak sartu.
Zuloagako aparkalekuan uholdeak izateko arriskua dagoenez, azken solairuko ibilgailuek hiriko beste edozein lekutan edo Okendoko aparkalekuan aparkatzeko baimena eman dute.
*********************************
Mapa HIRLAM de Superficie (Presión). Válido para el jueves, 15 diciembre 2011 a las 19:00
2011/12/15 ostegunerako isobara-mapa

2011/12/16ko egoera meteorologikoa
Zenbait udalerritan

Zazpi pertsona zauritu dira EAEn haizeak eragindako gertakarietan

Haize-denboralea EAEn
Foto: Europa Press
BILBO, 16 (EUROPA PRESS)
   Guztira zazpi pertsona zauritu dira ostiral honetan Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zenbait udalerritan haize-denboraleak eragindako gertakarien ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak Europa Press-i jakinarazi dionez.
   Bizkaian, emakume batek lesioak izan ditu bizkarrean Barakaldoko Arrandi kaleko eraikin batetik teila bat erori ondoren, eta Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan dute. Gainera, gizon bat zauritu da Portugaleteko Abatxolo kalean, aldamio baten zati bat erortzean, eta Bilbon deskarga lanak egiten ari zen kamioilari bat Basurtuko Ospitalera eraman behar izan dute ateek harrapatu ondoren.
   Araban, hesi baten erorketak lesioak eragin dizkio saihets-hezurretan eta zango batean Gasteizko Jundiz industrialdeko langile bati, eta ospitale batera eraman behar izan dute.
   Gipuzkoari dagokionez, bi lagunek zauri arinak izan dituzte buruan eta zango batean Errenteriako balkoi batetik metalezko piezak erori ondoren. Azkenik, Oñatin beste pertsona bat zauritu da aldamio bat erori eta gero, eta Arrasateko Ospitalera eraman dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...