2011/12/26

Manifestazio jendetsuak Errusian hauteskunde iruzurragatik



Milaka eta milaka errusiar herrialdeko dozenaka hiritako kaleetara atera dira ustezko hauteskunde iruzurra salatzera eta bozak berriz egiteko eskatzera.
Segurtasun neurri handien artean, 30.000 lagun inguru bildu dira Moskuko Sajarov etorbidean Poliziak esan duenez. Protesten antolatzaileek ordea, 120.000 lagun zenbatu dituzte.
"Putin kanpora!" lelopean eta "Putler, lapurra, gure bozak nahi ditugu, ez zuen txanponak", oihu artean, istilurik gabe igarotzen ari dira lehen orduak.
Beste herrialdeetan bizi diren errusiarrak ere kalera irten dira, besteak beste, Parisera, Londresera, Bartzelonara, New Yorkera…Errusia Batua alderdi ofizialari garaipena eman zioten hauteskundeetan iruzurra egon zela salatzeko.
Joan den abenduaren 10eko protestatan (azken 20 urteetako handienak) 50.000 lagunek eskatu zuten berriz ere bozak egiteko eta preso politikoak kaleratzeko.
Hamarnaka atxilotu
Hamarnaka manifestari atxilotu dituzte azken hauteskundeen ustezko iruzurraren aurkako protestatan, RIA Novosati Errusiako albiste agentziak esan duenez.
"Otra Rusia" izeneko oposizioko taldeko hamar kide atxilotu dituzte San Petersburgon, herrialdeko bigarren hiririk handienean. Nizhny Novgorod hirian ere, herrialde erdialdean, beste 20 lagun atxilotu dituzte, eta beste hainbeste Siberiako Barnaul hirian ere
Hauteskunde Batzorde Zentraleko buruzagiaren dimisioa eskatu dute
Bestalde, larunbat honetan, Vladimir Churov Hauteskunde Batzorde Zentraleko buruzagiaren dimisioa eskatu du Errusiako Giza Eskubideen Batzorde Presidentzialak, hauteskundeetako ustezko iruzurrean partaide izateagatik.

Hauteskundeetako "ustelkeriaren" aurkako manifestazio erraldoia egin dute Moskun

Antolatzaileen arabera, 120.000 lagun izan dira martxan; haien artean izan da Mikhail Gorbatxov. Bozak berriro egiteko eskatu dute. Kremlinek erantzun du alderdien legea onartzeko pausoak azkartu egingo dituela. Giza Eskubideen Presidentzia Kontseiluak Hauteskunde Batzordeko buruak dimisioa eman beharko lukeela iradoki du, "iruzurrean" parte hartu zuelakoan. 
Berria.info   2011-12-24 - 08:39:03
Abenduaren 4an Errusiako Legebiltzarrerako hauteskundeetako "ustelkeria" dela-eta presioa handitzen ari da han, eta gaur eguerdian hainbat lekutan manifestazioak egin dituzte. Handiena, Moskun, eta han izan da Mikhail Gorbatxov SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko azken presidentea. Antolatzaileen arabera, 120.000 lagun izan dira martxan; Poliziak esan du 29.000 izan direla. Bozak berriro egiteko eskatu dute, eta azken asteetako protestetan atzemandako lagunak askatzeko.
Kremlinen erantzuna: alderdien legea onartzeko pausoak azkartu egingo dituela.
Manifestazioaren aurretik, Errusiako Giza Eskubideen Presidentzia Kontseiluak Hauteskunde Batzordeko buru Vladimir Churovek dimisioa eman beharko lukeela iradoki du, bozetako "iruzurrean" parte hartu zuelakoan.
Errusia Batua Vladimir Putin lehen ministroaren eta Dimitri Medvedev presidentearen alderdiak gehiengoari eutsi zion hauteskundeetan, aurreko legealdian baino diputatu gutxiago lortu arren. Dumako 450 eserlekuetatik 238 lortu ditu aurten; 315, berriz, 2007an. Oposizioak ustelkeria salatu du, eta bozen emaitzak jakin ostean dozenaka mila lagun bildu ziren Moskun, bozak baliorik gabe utz ditzaten eskatzeko.
KPRF Errusiako Alderdi Komunistak, Dumako bigarren indarrak, eta oposizioko alderdi nagusiek zilegitasun oro ukatu diete bozei, eta herritarren artean ere gero eta hedatuago dago hauteskunde sistemaren atzean ustelkeria dagoen ideia.
Medvedeven aldaketak
Testuinguru horretan iragarri du Medvedevek, hain zuzen, Errusiako sistema politikoaren aldaketa. Ostegunean azaldu zituen jendaurrean, eta atzo, berriz, Hauteskunde Legeari eta Alderdi Politikoen Legeari eginiko hainbat zuzenketa aurkeztu zituen Duman. Oro har, alderdien sorrerarako eta funtzionamendurako baldintzak liberalizatzeko proposamenak dira. Hala ere, oposizioak mesfidantzaz hartu du presidentearen ekimena, sistemaren benetako zabaltzea baino gehiago maniobra taktikoa delakoan.
Presidentearen zuzenketek legebiltzarraren gehiengoaren babesa jasotzen badute, Duman ordezkaritzarik ez duten alderdiek aurrerantzean ez dute sinadurarik bildu behar izango lekuko eta eskualdeetako bozetan zein boz orokorretan hautagaiak aurkeztu ahal izateko. Soilik presidentetzarako hauteskundeetan bildu beharko dituzte sinadurak, baina derrigorrezko atxikimendu kopurua jaitsiko dute: bi milioitik 100.000ra. Presidentegai independenteek, bestalde, 300.000 sinadura lortu behar izango dituzte.
Alderdi politiko berriak sortzeko baldintzak ere erraztu egin nahi ditu Medvedevek. Gaur egun, gutxienez 40.000 militante izan behar ditu erakunde batek alderdi politiko gisa erregistratu ahal izateko; aurrerantzean, nahikoa izango da 500 kide izatearekin. Gainera, ezingo da alderdien erregistroa baliogabetu lekuko erakundeetan behar baino militante gutxiago izateagatik. Lege berriak, halere, 2013ko urtarrilean sartuko dira indarrean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...