2011/12/17

Gernikako Akordioaren sinatzaileek 'biktima guztien mina' aitortu dute, 2011/12/17


Ezker abertzaleak ETAren biktimen 'oinazea' aitortu du

Larunbat honetan Donostiako Bake Etxean izandako ekitaldi batean, Gernikako Akordioaren sinatzaileek "gatazkaren biktima guztiak" aitortzen duen idatzi bat aurkeztu dute.
BIDEOAK (1)
Gernikako Akordioaren sinatzaileek "Euskal Herrian izandako tankera desberdineko indarkeriek eragindako mina eta sufrimendua" aitortu ditu eta "ETAren indarkeriak eta Espainiako eta Frantziako Estatuen gerra zikinen ondorioz" izandako biktimei "dolua" adierazi die.
Ezker abertzaleak hausnarketa hau egin du Gernikako Akordioaren sinatzaileek adostutako idatzi batean. EA, Alternatiba eta Aralar dira, besteak beste, Gernikako Akordioaren kide.
"Gatazkaren biktima guztiak" aitortzen duen testu hau Donostiako Bake Etxean aurkeztu dute, Aieteko Adierazpena onartu zen leku berean. Bertan alderdi hauetako ordezkariak izan dira tartean Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagia, komunikabideen aurrean idatziaren parte bat irakurri duena.
Testu honek "egia eta egiaren parte diren egia guztiak ezagutzea" du helburu. "Egia bat ikuspuntu guztietatik aztertu eta eraiki behar da", irakurri du Etxeberriak. Gernikako Akordioaren sinatzaileen ustez, "biktima guztiei tratu berdina eman behar zaie, bereizketarik gabe".
"Berdin dio zein den biktimek sufritu duten indarkeriaren iturria", azaldu du, "horren arabera ez dira batak besteak baino garrantzitsuago, izan ere, giza eskubideen urraketak bihurtu ditu biktimak".
Donostian irakurritako testu honek "eragindako kaltea konpontzeko beharra" jaso du, "neurri kolektiboen edo taldekako neurrien bitartez, biktimen eskubideak eta egoerak berrezartzeko".
"Biktimak gogorazteko haiek duten eskubidea aitortzen dugu eta baita gertatutakoaren oroimena berreskuratzeko eskubidea ere", azpimarratu du. Hala ere, auzi hauek "kontu eta errespetu handiz" aztertu behar dira, "eztabaida politikoan jaurtigai erabili gabe".
Azkenik, Gernikako Akordioaren sinatzaileen esanetan, "gatazka politikoaren behin betirako amaiera indarkeria egoerak berriro ez izateko bermea izango da". Gauzak horrela, "bazterkeriarik gabeko eztabaida prozesu bat ireki beharko genuke, gatazka politikoaren arrazoiei amaiera emateko akordio bat lortzeko".
__________________________________________

BERRIA. 2011-12-18
GERNIKAKO AKORDIOA. BIKTIMEI BURUZKO ADIERAZPENA
Biktimen mina konpontzeko ekintzak sustatuko ditu Gernikako Akordioak

Indarkeriak eragindako askotariko minak aitortu dituzte sinatzaileek, eta dolua adierazi diete biktima guztiei

Biktimen gaia akordio politiko zabalen bidez garatu behar dela nabarmendu dute
JOKIN SAGARZAZU DONOSTIA

Rufi Etxebarria, Gernikako Akordioaren adierazpena irakurtzen, Aieteko jauregian, atzo. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Biktima guztiak aitortu eta haien mina konpontzeko saioak sustatuko ditu Gernikako Akordioak. Hala iragarri du Aieteko jauregian eginiko ekitaldi batean. Agiri baten bidez, akordioaren sinatzaileek gatazkarekin loturiko «indarkeria guztiek» sortu duten mina aitortu dute, eta «dolua» agertu diete biktima guztiei. Haiek laguntzeko eta oraindik «irekita dauden zauriak» ixteko konpromiso eta borondate sendoa agertu dute. 


Gernikako Akordioaren sinatzaileek Donostiako Bakearen Etxean eginiko agerraldi batean eman dute ezagutzera biktimen inguruan landu duten adierazpena. Eragile guztien izenean agiri bat irakurri dute Rufi Etxeberria ezker abertzaleko bozeramaileak, Amaia Agirresarobe Alternatibako kideak, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak eta Rebeka Ubera Aralarreko antolaketa idazkariak. Haiekin batera ekitaldian izan dira Jone Goirizelaia ezker abertzaleko kidea, Ikerne Badiola EAko komunikazio idazkaria, Oskar Matute Alternatibako bozeramailea, Mattin Troitiño Etxerat-ekoa, Jabi Garnika LABeko idazkari nagusiaren albokoa eta gazte mugimenduko, mugimendu feministako eta akordioa sinatu duten beste eragileetako hainbat ordezkari.



2010eko irailaren 25ean Gernikan sinatutako itunak biktimen inguruan dioenarekin abiatzen da agiria. Gernikako Akordioaren testuak indarkeria mota guztien errealitatea, gatazka politikoak eragindako biktima guztien aitortza eta adiskidetze eta konponketaren beharra jasotzen ditu. Hortik abiatuta, oinarri horien garapena egin dute sinatzaileek.



Testuak biktimen errealitatea eta hari eman beharreko tratamendua zehazten ditu lehenik. Biktimen inguruan ikuspuntu zabalago bat proposatzen du, eta euskal gatazkarekin loturiko biktima guztiak eta askotarikoak biltzen ditu barnean.



Batetik, «indarkeria guztiak» aintzat hartu behar direla dio, eta indarkeria horien biktima guztiak «modu berean» tratatu behar direla nabarmentzen du. 



Hori hala, Gernikako Akordioaren sinatzaileek biktima guztiekiko «dolua» agertzen dute, eta aitortu egiten dituzte indarkeria guztiek sortu dituzten askotariko min eta oinazeak.



Gernikako Akordioak uste du aitortza horrek garrantzi handia duela euskal gatazkaren «benetako historia idazteko» eta «gizarte justu eta baketsua lortzeko». «Egia osatzen dituen egia guztiak ezagutu behar ditugu. Biktima ororen atzean egia bat dago», dio agiriak.



Gernikako Akordioaren sinatzaileek onartzen dute, baina, «konfrontazio armatuak iraun duen bitartean» zenbait eragileri ezinezkoa izan zaiela «besteen samin eta oinazea aitortzea». Euren helburua «adiskidetze eta elkar ulertze prozesuan» urratsak egiten jarraitzea dela nabarmendu dute. «Eraiki nahi dugun bakea justua eta iraunkorra izan dadin, jasandako min guztia aitortzea ezinbestekoa da, baita gure Herrian irekita dirauten zauriak sendatzeko konpromiso eta borondate argia ere. Gure konpromisoa sendoa da, eta hala erakutsi nahi dugu».



Biktimei gogoratuak izateko, gertatutakoa ez ahazteko, memoria berreskuratzeko eta oroipen ekitaldiak egiteko eskubidea aitortzen die Gernikako Akordioak. Baina, biktimak egin beharreko kontakizunaren erdigunean kokatzen baditu ere, gai hori «begirunez eta zuhurtziaz» jorratu behar dela uste du: «eztabaida politikoan jaurtitzeko arma gisa erabili gabe», dio Gernikako Akordioak.



Sinatzaileen arabera, eragindako mina erreparatzeko orduan, taldekako eta banakako neurriak hartu behar dira, erabaki politikoak barne.



Eragile horiek nabarmendu dute biktimen inguruan akordio zabalak eta integralak lortu behar direla, «indarkeriaren erabilerak eragindako egoeren errepikatzea eta eskubideen urraketa egoerak gertatzea eragozteko». «Gure ahaleginik handiena adiskidetzea lortzean eta elkarrenganako errespetuan jarri nahi dugu. Gizarte bat lortu nahi dugu, non pertsona guztiek beren eskubideak gauzatuko dituzten, eta beren eskubideak errespetatuak izango diren», nabarmendu dute sinatzaileek.



Gernikako Akordioaren ustez, «gatazka politikoa behin betiko gainditzea» izango litzateke giza eskubideak berriro ez urratzeko «bermerik onena». Horretarako, eragile politikoen artean «akordio zabal bat» lortu behar dela uste du. Elkarrizketa prozesu hori «lehenbailehen» abiatzeko deia egin die Euskal Herriko indar politiko guztiei.



Sinatzaileek, bestaldetik, eta akordioak dioenari jarraiki, Mitchell printzipioekiko konpromisoa berretsi dute —auzi politikoak konpontzeko soilik bide baketsu eta demokratikoak erabiltzeko konpromisoa—. Eta ideologia politikoen artean dauden aldeak aitortzen dituzte, guztiak zilegi izan behar dutela nabarmenduz. «Alde hauek Euskal Herriaren gizartearen anizta-sunaren seinale dira. Horrega-tik, adostutako marko demo- kratiko baten alde irmoki lan egingo dugu, elkarrenganako errespetuaren kultura susta-tuz».



Nazioartera begira



Urrian eta leku berean nazioarteko pertsona ezagunek aurkeztutako Aieteko Adierazpenak zehaztutako moduan mintzatu da Gernikako Akordioa. Sinatzaileen artean daude: ezker abertzalea, EA, Aralar, Alternatiba, Etxerat eta Euskal Preso Poli-tikoen Kolektiboa, besteak bes-te.



Aieteko Adierazpenaren hirugarren puntuak dio, euskal gatazkak eragindako zauri pertsonalak eta sozialak ixteko lagungarria dela indarkeriak eragindako minaren eta biktima guztien aitortza egitea, haiei laguntza ematea eta adiskidetzearen alorrean urrats sakonak egitea. Hiru gomendio horiek bere egin ditu Gernikako Akordioak.



Aieteko Adierazpenak beste bi puntu jasotzen ditu. Lehenengoan, ETAren jarduera armatuaren amaiera eskatzen du, eta, bigarrenean, Espainiako eta Frantziako estatuei gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak abiatzeko eskatzen die. 



Brian Currin abokatu hegoafrikarrak buru duen taldeak, Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, berriz, asteon igorritako ohar batean ohartarazi du Espainiako eta Frantziako gobernuek ez diotela «erantzun positiborik» eman ETAren adierazpenari, eta kritikatu du indarkeriaren ondorioak lantzeko elkarrizketak ere ez dituztela hasi.



Biktimen gaia ere izan du hizpide, eta biktimen gaiari heltzeko eskatu die eragileei, iragana aintzatesteko bide gisa. Prozesu horretan laguntzeko prest azaldu da Harremanterako Nazioarteko Taldea, eta Aieteko ebazpenari jarraipena egiteko batzorde bat sortuko duela iragarri du.






Ikusmin handia piztu du adierazpenaren aurkezpenak
Gernikako Akordioak eta bereziki ezker abertzaleak biktimen inguruan zer esango zuten, ikusmin handia piztu da aste honetan, eta horren lekuko izan da atzoko ekitaldira bildu zen komunikabideen kopurua. Aieteko Jauregiko Gandhi aretoa —Nazioarteko bake konferentzia egin zen areto bera— kazetariz bete zen. Komunikabideetako profesionalak, akordioaren sinatzaileak eta gonbidatu gutxi batzuk sartu ahal izan ziren aurkezpenera. 12:00etan hasi zen ekitaldia. Agiriaren irakurketa zuen ardatz, eta halakoetan ohi den bezala, ez zen galde-erantzunetarako tarterik egon. Euskal Herriak konponbidea nahi du zioen kartel baten aurrean eseri ziren Gernikako Akordioaren sinatzaileen ordezkariak. Jose Luis Otamendiren Aritmetika ariketa olerkiaren irakurketarekin eta biolinista baten doinuekin ireki zuten ekitaldia. Ondoren irakurri zuten agiria: EAko Pello Urizarrek eta Aralarreko Rebeka Uberak euskaraz eta ezker abertzaleko Rufi Etxeberriak eta Alternatibako Amaia Agirresarobek gaztelaniaz. Etxeberriak erakarri zuen argazkilari gehienen arreta.





AGIRIA
Gernikako akordioaren adierazpena
2010eko irailaren 25ean Gernikako Akordioa sinatu genuen eragile guztiok, oso garbi izan dugu beti, indarkeria mota guztietako biktima guztien sufrimendua aitortzea garrantzitsua dela, gatazkaren konponketarako ezinbestekotzat jotzen dugularik.


Duela urtebete baino gehiago izenpetu genuen testuak honelaxe jaso zuen: «indarkeria mota guztien errealitatea eta gatazka politikoak eragindako biktima guztien aitortza, adiskidetze eta konponketaren beharra», hain zuzen ere.


Gure ustez, indarkeria guztien biktimak modu berean tratatuak behar dira izan, inolako mailaketarik gabe, baina genero bereizketak aintzat hartuz. Norbere min eta sufrimendua ezin da neurtu, ez da zilegi. Ez dira biktimagoak izango pairatutako indarkeriaren arabera, biktimak dira indarkeria jasan dutelako. Beren oinarrizko giza eskubideen urraketak biktima bihurtu ditu.


Euskal Herrian indarkeria guztiek sortu dituzten mina eta oinazea aitortzen ditugu, bai ETAren indarkeriak bai espainiar nahiz frantziar estatuen errepresio estrategiak eta gerra zikinak hildako biktima guztien senideei, baita kalte fisiko edo psikikoak jasan dituztenei ere, gure dolua adierazi nahi diegu.


Konfrontazio armatuak iraun duen bitartean ez aldeek ez bestelako eragileek ez dute besteen samin eta oinazearekiko sentiberatasunik adierazten jakin izan. Eraiki nahi dugun bakea justua eta iraunkorra izan dadin, jasandako min guztia aitortzea ezinbestekoa da, baita gure Herrian irekita dirauten zauriak sendatzeko konpromiso eta borondate argia ere. Gure konpromisoa sendoa da eta hala erakutsi nahi dugu.


Indarkeria desberdin hauek eragindako min eta sufrimendua aitortzen ditugu. Honen haritik, garrantzitsutzat jotzen dugu egia ezagutzea, Egia osatzen dituen egia guztiak ezagutu behar ditugu. Biktima ororen atzean egia bat dago. Biktima orori dagokion biktima izaera nahiz egiaren ezagutza zor zaie. Gizarte justu eta baketsua lortzea indarkeria guztien biktima guztien memoriarako benetako testigantza izango da.


Biktimei, gogoratuak izateko, gertatutakoa ez ahazteko, memoria berreskuratzeko eta oroipen ekitaldiak egiteko eskubidea aitortzen diegu. Gertatu zaiena islatuta ikus dezaten eta gertatutako guztiaren benetako historia idatz dezagun, elkar ulertze eta aitortza ezinbestekoak dira.


Gai hauek guztiak begirunez eta zuhurtziaz jorratu behar ditugulakoan gaude, eztabaida politikoan jaurtitzeko arma gisa erabili gabe. Giza harremanen berreskuratze eta elkarrenganako errespetua ahalbidetzen duten adostasunetara iritsi beharrean gaude.


Era berean, eragindako mina erreparatu behar dugu. Horretarako, gure ustez, biktimei urratutako eskubideak berreskuratze aldera, taldeko zein norbanako neurriak hartzea ezinbestekoa da, egoerak hobera egin dezan. Mota guztietako neurriak ezarri behar ditugu, tartean politikoak, zeintzuk indarkeriaren erabilerak eragindako egoeren errepikatzea eta eskubideren urraketa egoerak gertatzea eragotziko duten. Horregatik, biktima guztiekiko erreparazioa eta elkarbizitza suspertzeko bide horretan parte hartzeko eta laguntzeko borondatea agertzen dugu. Gure ahaleginik handiena adiskidetzea lortzean eta elkarrenganako errespetuan jarri nahi dugu. Gizarte bat lortu nahi dugu, non pertsona guztiek beren eskubideak gauzatuko dituzten, eta beren eskubideak errespetatuak izango diren.


Iraganeko sufrimenduek legatu handia utzi dute. Ez ditugu ahaztu behar beren oinarrizko eskubideen urraketa pairatu dutenak, beren bizia galdu dutenak, beren integritate fisiko zein psikikoa erasotuta ikusi dutenak, ezta bere senitartekoak ere.


Gernikako Akordioa sinatu genuen eragileok uste dugu gatazka politikoaren behin betiko gainditzea izango dela giza eskubideen urraketa egoerarik berriro ez gertatzeko bermerik onena. Norabide horretan, gatazka politikoaren korapiloak behin betiko askatuko dituen Akordio zabal baten bila, Euskal Herriko indar politiko guztiek bazterketarik gabe lehenbailehen elkarrizketa prozesua hasi beharko lukete.


Auzi politikoetan ditugun desadostasunak konpontzeko bide baketsu eta demokratikoak erabiltzeko konpromisoa berresten dugu. Gure ideologia politikoen artean dauden funtsezko aldeak aitortzen ditugu, guztiak zilegiak. Alde hauek Euskal Herriaren gizartearen aniztasunaren seinale dira. Horregatik, adostutako marko demokratiko baten alde irmoki lan egingo dugu, elkarrenganako errespetuaren kultura sustatuz.


Donostia, 2011ko abenduaren 17a





ESANA. ANTON DANBORENEA. PPKO BIZKAIKO PRESIDENTEA
«Ezker abertzaleak eragin duen mina aitortu behar du. Ez ditu aitzakiak bilatu behar beste biktima batzuetan»





ESANA. EAJ
«Ez dugu bat egiten doluaren ideiarekin, ezta biktimei buruz egiten duten definizioarekin ere»





ESANA. PAUL RIOS. LOKARRIKO KOORDINATZAILEA
«Adiskidetzea eta bake prozesua urrats txikien batuketa dira, eta uste dut bide onean goazela»





ESANA. AVT. TERRORISMOAREN BIKTIMEN ELKARTEA
«Plantak egiten ari dira. Indarkeriak parekatuta, ez dituzte onartzen terrorismoaren biktimak»

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...