2011/12/26

Armeniarren aurkako genozidioa ukatzea delitua izango da Frantzian





45.000 euro arteko isunak eta urtebeteko espetxe zigorra jasotzen ditu legeak

ELIXABET EPELDE
Otomandar Inperioak hildako armeniarrak. / Z / EZEZAGUNA


Hainbat haur, hilda. / Z / EZEZAGUNA


Herritarrak, hildako armeniarren aurrean. / - / BERRIA
Otomandar Inperioak 1915etik aurrera armeniarren aurka egindako genozidioa ukatzea zigortzen duen lege proposamen bat onartu dute Frantziako Asanblea Nazionalean, gehiengo handiarekin. Testuak Senatuko bozketan aurrera egiten badu, 45.000 euro arteko isunak eta urtebete bitarteko espetxe zigorra ezarriko dizkiete armeniar kristauen kontrakoa giza sarraskia izan zela onartzen ez dutenei. Bigarren Mundu Gerran juduen aurka naziek eginiko holokaustoa ukatzearen pare jarri dute, hain justu. Erabakiak Turkiaren haserrea eragin du, eta Frantziarekiko harreman politikoak eta militarrak bertan behera uztea erabaki du Recep Tayyip Erdoganen gobernuak.

Haserre agertu da Turkiako lehen ministroa kameren aurrean, eta legea «bidegabea eta arrazista» dela adierazi du. Herrialdearekiko «etsaikeria keinua» izan dela ere salatu du. Izan ere, armeniarren aurkako jazarpenaren ikerketa historialariei dagokiela defendatzen du, eta ez politikariei. «Uste nuen Frantzian adierazpen askatasuna zegoela, baina ez, ez dago», adierazi du, sututa. Erdoganek, 1915etik aurrera 500.000 armeniar hil zituztela aitortzen badu ere, horiek Lehen Mundu Gerrako borrokaldien biktima izan zirela dio, eta ez zirela gobernuak horiek desagerrarazteko aurrez prestaturiko plan baten ondorioz hil. Alde batek eta besteak ematen dituzten datuen dantza izugarria da, baina historialariek diote Inperio Otomandarreko agintariek 1.500.000 kristau armeniar inguru hil zituztela.

«Frantziarrek euren historia zikin eta odoltsua azter dezatela», esan zuen Erdoganek, Frantziak lege proposamena Legebiltzarrean bozkatuko zuela iragarri zuenean. Lehen ministroaren mehatxuak kasketaldi baten ondorio zirela uste zuen Parisek hasiera batean, eta ez zituzten serio hartu. 2001ean, Otomandar Inperioak armeniarren aurka eginiko jazarpena legez genozidioa zela onartu zutenean ere merkataritza harremanak eteteko mehatxua egin zion Ankarak Parisi. Baina orduan ez zen ezer gertatu, eta aste gutxira egoera baretu egin zen. Oraingoan ere hala izango zelakoan ziren Frantziako agintariak. 

Atzo, ordea, neurri gogorrak iragarri zituen Erdoganek Frantziaren aurka. «Harreman politiko guztiak bertan behera utzi ditugu, besteak beste, hezkuntza proiektuak, seminarioak eta ikastaroak». Aurkakoa esan bitartean, ekintza militar bateratuak ere amaitu egin direla jakinarazi du. Ankarak Parisen duen enbaxadoreari, bestalde, Turkiara itzultzeko eskatu dio lehen ministroak. Azken horrek Asanblea Nazionalean hartu duten erabakiak ondorioak izango dituela ohartarazi du, eta noiz itzuliko den ez dakiela dio. Alain Juppe Frantziako atzerri ministroak, berriz, Turkiak erreakzio esajeratua izan duela uste du. 

Armeniak, bestalde, Parisen ekimena txalotu du. «Giza eskubideen sorlekua dela baieztatu du Frantziak, eta beste behin gizateriaren aldeko baloreekiko zintzotasuna agerian utzi du», adierazi du Eduard Nalbandian Armeniako Atzerri ministroak.

UMPren proposamena

Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen UMP Herri Mugimenduaren Batasuna alderdiak eraman du lege proposamena Legebiltzarrera. Izan ere, Sarkozyk Armeniara eginiko bisita batean hitz eman zuen genozidioa ukatzea zigortuko zuela. Legebiltzarreko alderdi guztiek bat egin dute neurriarekin, nahiz eta hainbat diputatuk aurka bozkatu duten. Horietako batzuk 2012ko presidentetzarako bozetara begira harturiko neurria izan dela salatu dute, hain justu. 

Asanblea Nazionalaren egoitzaren kanpoaldean berriz, Turkiaren aldeko milaka manifestari bildu dira. Frantziako eta Turkiako banderak astinduz historia eta politika ez nahasteko oihuka aritu dira. Poliziek gertutik zaindu dituzte protestak, baina ez da liskarrik piztu.

Gaur egun 500.000 armeniar inguru bizi dira Frantzian, genozidioaren garaian herrialdeak ateak ireki baitzizkien Inperio Otomandarraren errepresiotik ihesi joan ziren herritarrei. Eragin handiko taldea da, eta armeniarren kontrako giza sarraskia holokaustoaren pare jartzeko presio egin dute azken urteotan. Genozidioa onartzeaz gain, hura ukatzea eta iraintzea zigortzea beharrezkotzat jotzen dute.

2006an, hain justu, oposizioan zen PS Alderdi Sozialistak proposamen bera eraman zuen Legebiltzarrera. Aldeko 106 boto eta kontrako 19 jaso bazituen ere, diputatuen gehiengoa bozketaren unean ganberan ez zegoenez proiektuak ez zuen aurrera egin. 

Harreman gatazkatsua

Ankarak Parisi eman dion erantzunak, betidanik gatazkatsua izan den harremanaren konplexutasuna agerian utzi du. EB Europako Batasunerako sarbidea eta genozidioa izan dira, hain zuzen, bi herrialdeen arteko harremana pozoitu dutenak. Izan ere, Paris izan da urteetan Turkiari amets europarra betetzea galarazi diona, Alemaniarekin eta Austriarekin batera. 

«Beti egon naiz Turkia batasunean sartzearen kontra», esan zuen Sarkozyk 2009an. EBn Turkia sartzeko bozketa egin beharko balute, gainera, legez erreferenduma egitera behartuta dago Frantziako Gobernua. Horretarako UMPk Legebiltzarrera eraman zuen proposamena onartu baitzuten 2008an, Jaques Chirac presidente ohiaren nahia betez.



ESANA. RECEP TAYYIP ERDOGAN. TURKIAKO LEHEN MINISTROA
«Frantziako Asanblea Nazionalak, historiarekiko interesa badu, Ruandan eta Aljerian jar dezala arreta»


Gazte Turkiarrak genozidioaren erantzuleak
Armeniarrek CUP Batasunerako eta Aurrerapenerako Batzordeari leporatzen diote genozidioa diseinatu izana. Alderdi horrek 1913an hartu zuen boterea Otomandar Inperioan, estatu kolpe baten bidez. CUP, baina, Gazte Turkiarrak izeneko mugimendutik sortu zen, 1895an. Gazte Turkiarrak XIX. mende bukaeran eratu ziren, Abdulhamit II.a sultan absolutista boteretik kentzeko. 1909ko iraultzan lortu zuten hori. CUP alderdiaren bidez boterea erdietsita, politika nazionalista gogorra ezarri zuten. Atzerrira begira, Otomandar Inperioak Frantziarekin eta Erresuma Batuarekin zuen harremana hautsi, eta Alemaniarengana hurbildu ziren, Errusia mugakideari aurre egiteko.


Ukatutako giza sarraskia
Otomandar Inperioak 1,5 milioi armeniar inguru hil zituen 1915. eta 1922. urteen artean. Turkiak halakorik inoiz onartu ez badu ere, historialariek diote lehen genozidio modernoa izan zela.
E. EPELDE
Nor gogoratzen da armeniarrez?». Hitlerrek juduak ezereztatzeko plana prestatzen ari zenean horixe galdetu zuela diote, eta gizakiak izugarrikeriak ahazteko duen gaitasunaren adibidetzat jarri zuela armeniarren aurkako jazarpena. Lehen genozidio modernoa izan zen Otomandar Inperioak gutxiengo kristauaren aurka agindutakoa, eta, hainbat historialariren ustez, juduen holokaustoa inspiratu zuena ere izan zen. 

Lehen Mundu Gerraren barruan egin zuen Otomandar Inperioak hilketa masibo hura, baina armeniar kristauen aurkako ezinikusia lehendik zetorren. XIX. mendean Europako ideia aurrerakoiak pozez hartu zituzten armeniarrek eta bizi-baldintzak hobetzeko lehen protestak egiten hasi ziren. Otomandar Inperioa, ordea, ez zegoen zatiketarik onartzeko prest, eta are gutxiago Armenian, Mendebaldea eta Ekialdea lotzen zituzten ibilbide komertzialen bidegurutzea baitzen. Hori horrela, 1894an eta 1897an Ankarak hortzak erakutsi zizkien, eta 200.000 armeniarretik gora hil zituzten. Genozidioaren hasiera izan zen hori. 

Inperioaren gainbehera gelditzeko, musulmanak ez ziren gutxiengoen aurkako jarrera hotza eta agerikoa erakusten zuten agintean ziren Gazte Turkiarrek, gorrotoa elikatuz. Gizartearen homogeneizazioak zatiketa saihestuko zuela uste zuten, eta era horretan inperioaren iraupena bermatu ahal izango zutela. Horrez gain, botere handia zuten armeniarrek, eta horien ondasunak ere erakargarriak ziren agintean zirenentzat.

1914an, preso ohiekin eta tribu kurduekin talde bereziak eratu zituen gobernuak. Armeniarrak kanporatzeko entrenatu zituzten eta 1911n prestatutako «misioa» betetzeko agindua eman zieten. Betebeharra, hain zuzen, armeniarrak hiltzea zen. 

Bi eguneko epea eman zieten herritarrei euren etxeak atzean utzita alde egiteko. Asko eta asko, ordea, intelektualak batik bat, atxilotu eta hil egin zituzten, ihes egiteko aukerarik eman gabe. Jatekorik eta edatekorik gabe basamortura bideratu zituzten beste asko, eta gehienak ez ziren helmugara inoiz iritsi, gosez eta egarriz hil baitziren. Horrez gain, milaka emakume eta haur bortxatu zituzten eta bestelako gehiegikeriak ere jasan behar izan zituzten. Baina armeniarrak desegiteko teknika lazgarriagoak ere erabili zituzten talde paramilitarrek: herritarrez betetako hainbat itsasontzi hondoratu zituzten Itsaso Beltzean, hainbat garautegi bete eta su eman zieten eta Eufrates ibaira ere milaka lagun bota zituzten. Munizioa aurrezteko ezpata, mailu eta aihotz kolpez hil zituzten beste asko eta asko, Otomandar Inperioan kasik armeniarrik geratu ez zen arte. 

Genozidioaren aurretik inperioaren lurretan 2.000.000 armeniar bizi zirela diote historialariek. 600.000 lagunek soilik lortu zuten basakeria hartatik bizirik irautea. Baina hilketa masiboez gain, heriotza sinbolikoa ere jasan behar izan dute horiek gerora, ukazioarena, hain justu.

Turkiaren sorrera zalantzan

Ikerketek agerian utzi dute armeniarren kanporatzea eta hilketa Otomandar Inperioan agintean zeuden armadako ofizial gazteek, Gazte Turkiarrek, agindu zutela, eta baita horretarako paramilitarrak entrenatu zituztela. Turkiak, ordea, ez du inoiz genozidioa aitortu, eta gatazka hartaz hitz egitea saihestu du. 1915etik aurrera hilketak egin zirela onartzen du Ankarak, baina horiek Lehen Mundu Gerraren baitako liskarren ondorio izan zirela dio, eta bertan musulman errugabeak ere hil zituztela. 

Zigor kodeko 301 legean oinarrituta, gainera, armeniarren hilketa masiboez hitz egitera ausartu diren hainbat intelektual zein historialari auzitara eraman ditu Ankarak azken urteotan, «turkiar identitatea» iraintzeagatik. Orhan Pamuk Nobel saridunari esaterako, sei hilabeteko baldintzapeko espetxe zigorra ezarri zioten 2004. urtean. Delitua, elkarrizketa batean honakoa esatea izan zen: «Turkian milioi bat armeniar hil zituzten, eta 30.000 kurdu. Inork ez du horretaz hitz egiten, eta ni gorroto naute hori esateagatik».

Lehen Mundu Gerra amaitu eta gero, Otomandar Inperioaren ondotik sortu zen Turkia ekialderantz hedatu zen, Armeniaren lurrak hartuz. Hori horrela, Turkiaren sorrera bera genozidio hartan oinarritzen dela dio Denis Papazian historialariak, eta hortik datorrela ukazioaren arrazoia. Giza sarraskia aitortzeak Turkiaren sorrera zalantzan jarriko lukeela uste baitu Papazianek.


22
Armeniarrena genozidioa izan zela onartu duten herrialdeak.
Frantziaz gain, Errusia, Italia, Argentina, Venezuela eta Kanadak onartu dute. Eusko Legebiltzarrak ere 2007an onartu zuen. AEBetako 43 estatuk onartu dute, baina Etxe Zuriak ez du deklarazioa onartu nahi.


Hrant Dink kazetariaren anaiak Frantzia kritikatu du
Hrant Dink kazetari turkiar-armeniarraren anaia Orhanek Frantziak onartutako legea kritikatu du, «adierazpen askatasuna» murrizten duelakoan, eta Turkiak genozidioa ukatzeko hartutako neurriekin alderatu du. Hrant Dink hiru bider epaitu zuten gaiaz idazteagatik. 2007an eskuin muturreko kide batek hil zuen.


Turkiako lehen ministroak musulmanen eta turkiarren aurkako gorrotoa sustatzea egotzi dio Sarkozyri.
Berria.info   2011-12-23 - 15:14:46
Recep Tayipp Erdogan turkiako lehen ministroaren esanetan Frantziak Argelia bere kolonia zuenean egindakoa genozidioa izan zen; " Frantziak Argelian egindakoa genozidioa da eta Sarkozyk ez baldin badu gogoratzen, galde dezaiola bere aitari". Erdoganen ustez, 1945etik aurrera argeliako "herritarren %15a masakratu zuen Frantziak". Gainera Sarkozyri egotzi dio 40ko hamarkadan bertan Argelian soldadu egon izana. 
Bestalde Sarkozy musulmanen eta turkiarren aurkako gorrotoa sustatzen ari dela adierazi du lehen ministroak, botoak irabazteko helburuarekin. Ahmet Davutoglu atzerri ministroak gehitu du "Ekialde Hurbileko diktadoreen antzera, Frantziako politikoek herriari inposatzen diotela zer dagoen zuzen eta zer pentsatu behar duten". 
Atzo Frantziako Asanblea Nazionalak Otomandar Inperioak 1915etik aurrera armeniarren aurka egindako genozidioa ukatzea zigortzen duen lege proposamena onartu zuen , gehiengo handiarekin. Ondorioz, Turkiako Gobernuak Frantziarekiko harreman politikoak eta militarrak bertan behera utzi ditu. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...