2012/09/18

Emakume afganiarren drama


Gaztezulo.com, 132. zenbakia | 2012 / 09 zenbakia | mundu mira


- Testua: Karlos Zurutuza - 


Monica Bernabe: "Burka azpian baino gehiago, etxe barruan dago emakume afganiarren drama"



Urteak eman ditu Kabulen (Afganistan), kazetari eta kooperatzaile. Gerra hotsek eta hautsak, alabaina, ez dizkiote begiak itxi, ezta irribarrea ezabatu ere.


Monica Bernabek (Bartzelona, 1972) 2000 urtean zapaldu zuen Afganistan lehendabizikoz, talibanak oraindik agintean zeudela. Handik bueltan, ASDHA (Afganistango Giza Eskubideen Aldeko Elkartea) sortu zuen. Afganiar emakumeen aldeko lan sendoa eta emankorra egiteaz gain, kazetari freelance gisa aritu da azken hamarkadan. Hainbat bidaiaren ostean, Kabulen finkatzea erabaki zuen eta, egun, Afganistanen bizi den espainiar estatuko kazetari bakarra da. El Mundo, Catalunya Radio, RNE eta Canal Sur TV medioentzat lan egiten du, eta bere lehen liburua plazaratu berri du uda honetan: Afganistan, Cronica de una Ficcion (Debate, 2012) –Afganistan, Fikzio baten Kronika–.


Emakume afganiarra gaur: motzean azaltzerik?

Jabego hutsa baino ez da, aitarena lehendabizi eta senarrarena gero. Txiroa ala aberatsa izan, analfabetoa ala unibertsitate ikasketaduna, gizonaren erabakipean dago beti emakume afganiarra. Beti aipatzen dira hango emakumeek bizitza publikoan jasandako gehiegikeriak, baina askoz ere bortitzagoak dira etxe barrukoak, familia mailakoak.

Ez al da ezer aldatu 2001 urteaz geroztik?

Teorian, iparreko eskualdeetan debeku nagusiak indargabetu dira. Emakumeak eskolara joan daitezke, osasun zerbitzuaz gozatu edota lan munduan sartu. Hegoaldean, aitzitik, askoz ere zailagoa da: tradizioak aginduta, emakumeak etxean egon behar du eta nekazal eremuetan ez da planteatu ere egiten eskolara joatea. Aldaketak aldaketa, zigorgabetasuna izan ohi da nagusi Afganistanen eta nazioarteko komunitateak horren erru nagusia izan duelakoan nago ni. Zure emaztea jipoitzea ala zure hamabi urteko alaba ezkontzera behartzea 'dohain' ateratzen zaizu.

Kabulen bizi den Mendebaldeko emakume profesionala zara, gerra kazetaria. Zuretzat ere ez da erraza izango…

Absurdoa iruditu zait beti 'gerra-kazetaria' etiketa. Gerra batera joate hutsak ez zaitu kazetari egiten. Afganistanera joan aurretik, Kataluniako El Punt egunkarian lan egiten nuen, tokiko kazetaritza egiten. Huraxe izan zen nire benetako eskola. Kazetaria zarela nonahi demostratu behar duzu, gerran izan ala zure etxe azpiko kalean. Afganistanen emakume kazetaria izateak abantaila asko ematen dizkit, esaterako, nekazal eremuetako emakumeekin topo egin ahal izatea. Kamuflatzearen aukera ere hor dago: burka bat jantzi eta auto batean bidaiatu. Pentsaezinak dira honelakoak Mendebaldeko gizon batentzat. Nolanahi ere, afganiar gizartearen kontraesan ugariri egin behar diot aurre etengabe. Gizonek pasatzen uzten dizute, euren eserlekua eskaintzen dizute autobusetan… Baina maila pribatuan harremanak ez du zerikusirik. Emakume bakarra zara gizonezkoen esparruan: zure kabuz lan egitea, bidaiatzea, hotel batean bakarrik lo egitea… "prostituta" besterik ez zara afganiarren begietan.

Burka da, ziurrenik, Afganistango emakumeekin lotzen dugun lehen irudia, ezta?

Afganistanen ez dut inoiz topatu burkaz kexu den emakumerik. Izan ere, burkaren erabilera anekdota hutsa iruditu zait beti. Nik puntualki janzten dut, lurretik bidaiatu behar dudanean. Babesa ematen dit, begiratu dezaket niri inork erreparatu gabe. Emakume afganiarren drama burka azpian baino gehiago, adobezko murruen atzean gertatzen da.

Lan egiteko beste aukera "kevlarrez josia" omen duzu –balen aurkako txalekoak egiteko erabiltzen den materiala da kevlarra–, nazioarteko tropekin batera. Mikel Ayestaran kazetariak esan digu nekez topa daitekeela mundu osoan zuk baino "enpotramendu" –armadarekin batera ateratzea– ordu gehiago dituen kazetaririk. Egia al da?

Baliteke. Nazioarteko tropekin joateak inoiz bisitatuko ez zenituzkeen tokietara iristeko aukera ematen dizu. AEBetako tropekin lan egin dut batik bat. Beren pelikula saldu nahi badizute ere, askatasun handia eman didate beti lan egiteko garaian, edonon eta edonoiz. Kanpamendura iritsi eta egun gutxiren buruan ohitzen dira zurekin. Orduan askatasun osoz hitz egiten hasten dira, zu bertan ez bazina bezala. Ez da, inola ere, gerra bat jarraitzeko modu bakarra, baina ezinbesteko ikuspegia deritzot.

Aipatu atzerriko tropak zure segurtasuna bermatzeko gai al dira?

Oso arriskutsua da. Emilio Morenattirena –2009an eraso batean zauritutako kazetari espainiarra– inflexio puntu bat izan zen niretzat. Kandaharren gertatu zen, talibanen gotorlekuetako batean. Ni ere han nengoen eta bertako ospitalean bisitatu nuen. Ohe hartan ni neu izan nintekeela pentsatu nuen. Edonola, atzerriko tropekin lan egiten dudanean lanak berak beldurra kontrolpean mantentzen laguntzen dit. Eta, ez pentsa, 'enpotratzea' ere oso aspergarria izan daiteke: egunak eman ditzakezu kanpamendutik atera gabe, deus ere egin gabe soldaduak patruilan ateratzen ez direlako. Paradoxa tristea badirudi ere, halakoetan eraso bat gerta dadin nahi duzu, lana orduantxe iristen baita.

Kanpamendu kanpoan nahiz barruan, gizonezkoen munduan murgilduta beti. Gogorra dirudi.

Askotan pentsatu dut kanpokoak nahiago nituela barrukoak baino. Kanpamendu batean, soldaduek hilabete luzeetan ikusi duten emakume bakarra zara gehienetan. Egun argiz ez da hain nabarmena, baina gauez berehala jabetzen zara zure bakardadeaz. Helmanden –Afganistan hegoaldean– nengoela, emakume marine bat bertaratu zen behin. Gaztea eta indartsua zen baina, hala ere, gauero komunera laguntzeko eskatzen zidan. Fusila zeraman soinean, eta erasoak ekiditeko emakume soldadu guztiek daramaten labana berezia. Pentsa zenbatekoa zen nire larritasuna hura beldurrak jota ikusita…

Labana patrikan zabiltza zu ere?

Tripodea eramaten dut beti, gau eta egun, argazkirik ateratzeko asmorik ez dudanetan ere.

AEBetako tropekin ez bezala, espainiarrekin izandako harremana nahiko gorabeheratsua izan da beti, ezta?

Aurreko Gobernuarekin erabateko blokeo informatiboa zegoen indarrean, kazetari ororekin baina, batez ere, nirekin. Gogoan dut Carme Chacon defentsa ministroak egindako bisita hura, Qala e Nao-ko espainiarren basera. Madrildik atera zen kazetari andanarekin; niri, aldiz, sartzea debekatu zidaten, Afganistanen bizi den espainiar estatuko korrespontsal bakarra izan arren… Obskurantismoa nagusi izan ohi da, publikoari errealitatea ezkutatzea helburu, eta ez besterik.

Zein da "errealitatea"?

"Misio humanitarioa" dela errepikatu dute hasieratik. Berreraikitzeko saiakera apal hura seguruak ziren zonaldeetan baino ez da burutu, behar larriagoak zituztenak ahaztuz. Galdutako soldadu bakoitzak kolpe itzela suposatu die atzerriko Gobernuei, eta hori ekidin nahi izan da beti. Demokrazia ezarri nahi dela ere maiz entzun dugu, giza eskubideen defentsan joan garela, afganiarrak trantsizio prozesuan daudela…

'Cronica de una ficcion' –Fikzio baten kronika– izenburua eman diozu berriki plazaratu duzun liburuari. Gezurrak alde bakarretik iritsi al zaizkigu?

2000 urtean bisitatu nuen Afganistan lehendabiziko aldiz, talibanak oraindik agintean zeudela. 2002an bueltatu nintzenean, afganiarrek besoak zabalik hartu zituzten atzerritarrak. Egun, argi dago nazioarteko komunitateak huts egin diela afganiarrei. Herrialdea errautsetan ikustea baino mingarriagoa da antzinako gerra kriminalak Gobernuan egotea. Eta Hitler balego Alemaniako gerra osteko Gobernuan? Ba, honela ikusten dute afganiarrek euren Gobernua egun. Talibanei dagokienean, ez nuke okupazioaren kontrako erresistentziaz hitz egingo. Agenda eta interes ugari daude tartean. Gauzak honela, herria amorruak hartuta dago, etsita.

Atzerriko tropen erretiratzea uste baino lehenago burutu daiteke. Zer gertatuko da orduan?

AEBek kontingente bat utziko duen arren, gastu ekonomikoak eta faktura politikoak atzerriko tropak aurki uxatuko ditu. Ezkorra naiz. Afganiar tropak ez dira gai segurtasuna bermatzeko; sistema judiziala ez da existitzen… Bestalde, afganiar askok uste dute dirua lor daitekeela lanik egin gabe, hala ohitu ditugulako, edo ikusi dutelako. Heziketa duen jende askok bi pasaporte ditu jada, ala bisa lortu nahian ari da. Ardura hartzeko gai den orok alde egin nahi du.

Eta zu? Noiz arte geldituko zara Afganistanen?

Ezingo nizuke esan. Ez naiz gauza etorkizunerako planak egiteko. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...