2012/08/20

Yusuf Omar atleta: "Pekin 2008"tik patera batean hiltzera

Eitb.com, Erredakzioa, 20/08/2012 15:37:00

Herrikide batzuek baieztatu dutenez, atletak Italiara zihoan patera bat hartu zuen Libian, baina bidean hil zen.

Samia Yusuf Omar atleta somaliarra.

Samia Yusuf Omar somaliarrak mundua hunkitu zuen Pekineko 2008 Olinpiar Jokoetan egin zuen 200 metroko lasterketarekin. Azken postuan heldu zen helmugara, baina joko olinpikoetan parte hartzeko beharrezkoa den espiritua erakutsi zion munduari. Zoritxarrez, ezin izan du azken hilabetean Londresen ospatu diren jokoetan parte hartu, Italiako kostaldera heltzea helburu zeukan patera batean hil baitzen.

Samiaren istorio tristeak italiar komunikabide gehienen lehen orriak bete ditu gaur, herrikide batzuek baieztatu dutenez, atletak Italiara zihoan patera bat hartu baitzuen Libian.

Abdi Bile iraupen ertaineko lasterkaria izan zen hedabideei albiste txarra emateko arduraduna. 1987an Erromako Olinpiar Jokoetan 1.500 metroko lasterketan urrezko domina lortu zuen atletak eman zuen Pekingo olinpiar estadioa hunkitzea lortu zuen 17 urteko neskaren heriotzaren berri. Egun hartan, lehenengoak baino 10 segundo gehiago behar izan zuen Samiak 200 metroko proba bukatzeko, baina estadio guztiaren txaloak jaso zituen.

“Oso esperientzia polita izan da, nire herrialdearen bandera eraman eta munduko milaka atletekin batera desfilatu dut”, esan zuen Samiak Muqdishora bueltatu ostean.

100 metroetako txapeldun afrikarra

Mustafa Abdelaziz entrenatzaileak "Corriere della Sera"ri baieztatu dio albistea. Abdelazizen hitzetan, atleta somaliarrak patera bat hartu zuen uda honetan Italiara heltzeko, bere kirol-ibilbidearekin jarraitzeko helburua baitzeukan.

2008an 100 metroetako Afrikako txapelketa irabazi zuen Samiak, eta 17 urte zituela Pekineko Olinpiar Jokoetara joateko aukera eman zioten. Zoritxarrez, mediterranear itsasoak bere amets guztiak zapuztu zituen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...