2012/06/07

Atzerrian jaiotakoak EAEko biztanleen %8,1 ziren 2011aren hasieran

176.049 PERTSONA

Atzerritarrak %8,1 ziren EAEn 2011ren hasieran
Argazkia: Europa Press
BILBO, 2012/06/07 (EUROPA PRESS)

   Atzerrian jaiotako pertsonak 176.049 ziren Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2011. urteko urtarrilaren 1ean, hau da, biztanle guztien %8,1, Eustaten datuen arabera.

   EAE osokoa baino portzentaje handiagoa zutenak 54 udalerri ziren: 21 Arabakoak ziren, eta haietatik 13 udalerri %10en gainetik zeuden, gehienak Errioxakoak. Aitzitik, hamar udalerritan ia ez zegoen atzerrian jaiotakorik (%2ren azpitik), hauen artean zazpi Gipuzkoakoak, eta Bizkaian ez zegoen horrelakorik. Berastegik izan ezik, denek 500 biztanle baino gutxiago zituzten.

   Bestalde, hiriburuek EAEk baino atzerrian jaiotako pertsonen portzentaje handiagoak zituzten 2011. urtea hastean: Gasteizek zuen handiena, %11,6rekin; ondoren Bilbok, %10,1ekin; eta azkenik, Donostiak, %8,8rekin.

   EAEko atzerriko egoiliarren artean, amerikarrak %45 ziren, eta hauen arteko gehienak hegoamerikarrak: Kolonbia, Bolivia, Ekuador eta Brasilgoak ziren atzerritarren %26,5 eta amerikarren %59.

   Europarrak %26,7 ziren, eta talde honetan errumaniarrak atzerritar guztien %10,7 ziren. Paradoxikoki, errumaniarrak europarren arteko %40 ziren Portugaldarrak gutxiago ziren errumaniarrak baino, baina dezente gehiago ziren proportzioan (%21,7).

   Afrikarren proportzioa %21,9 zen. Marokoarrak ziren gehienak baina ez ziren %50era heltzen, eta haien ondotik zeuden aljeriarrak (%16,8). Txinatar eta pakistandarrak %5,1 ziren, EAEn zeuden ia asiar bakarrak izanik (%80).

   Hiriburuak aintzat harturik, nazionalitateen banaketa, kontinenteen arabera, askotarikoa zen 2011ko urtarrilaren 1ean. Bilbon eta Donostian atzerritarren %50 baino gehiago amerikarrak ziren; Bilbon boliviar eta kolonbiarrak amerikarren %51 ziren, eta Donostian banaketa askotarikoagoa zen.

   Bi hiriburu hauetan europar eta afrikarren banaketa ezberdina zen. Horrela, Donostian, europarrek, frantsesengatik, pisu handiagoa zuten, %31,5ekin, eta afrikarrak %8. Bilbon ez zegoen horren alde handirik bi kontinente horien artean: afrikarrak %21,9 ziren eta europarrak %16,5.

   Gasteizen ez zen hain ezberdina kontinenteen araberako nazionalitate-taldeen banaketa. Amerikarrak ziren ugarienak baina atzerritarren %38,1 besterik ez ziren. Ondoren afrikarrak zeuden, ehunekoen arteko aldea 4 puntu baino txikiagoa izanik; talde honetan aljeriarrak nabarmendu ziren (%26), EAE osoan %17 baino gutxiago izanik. Europarrak %19,3 ziren, portugaldar eta errumaniarrak denen %51 izanik, oso antzeko ehunekoekin. Bilbon errumaniarrak europar guztien %46,2 ziren, eta Donostian %13,4 besterik ez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...