2012/05/07

Hauteskundeak Frantzian: Hollanderen garaipenak norabide aldaketa ekar lezake Europan


EITB, Erredakzioa, 2012/05/07

Argazkia: Reuters, emol.com

François Hollande sozialista izango da Frantziako hurrengo presidentea, igande honetako hauteskundeetan Nicolas Sarkozy kontserbadorea menperatu eta gero.

Duela bi aste egindako lehen itzulian bezala, hautagai ezkertiarra bozkatuena izan da. Botoen % 51,7 lortu ditu, hain zuzen ere, eta orain arteko presidenteak, % 48,3. Parte-hartzea handia izan da, % 80 ingurukoa.

Emaitza hauekin, ezkerra 17 urteren ostean itzuliko da agintera. Azken presidente sozialista François Mitterrand izan zen. Orain, Hollande V. Errepublikako zazpigarren presidentea eta bigarren sozialista izango da.

Sarkozy azken bi urteotan krisiak Europan eroriarazi duen hamabigarren presidentea izan da. Porrot horrek Europako politika ekonomikoetan izango duen oihartzuna, baina, askoz handiagoa izango da, orain arte Alemaniak eta Frantziak, hots, Merkelek eta Sarkozyk, zorrotz gobernatu baitute eurogunean.
Murrizketen eta zorroztasunaren aurrean, Hollandek hazkundea sustatzeko neurriak abiatu nahi ditu eta, beraz, norabide aldaketa ekar lezake Europako politika ekonomikoan.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak presidente berriarekin hitz egin du jada telefonoz, eta karguaz jabetu bezain pronto Berlinera joatera gonbidatu du.

Guido Westerwell Alemaniako Atzerri ministroak azaldu duenez, Berlinek oreka topatu nahi du bi jarreren artean (zorroztasuna vs. hazkunde politikak).
Hollanderen garaipena baieztatu eta gero, ezkertiarrak eta ekologistak kalera atera dira. Ospakizun nagusia Bastillaren plazan izan da, hau da, 1981ean Mitterrandek sozialisten lehen garaipena ospatu zuen leku berean.

"Hollande presidente, Hollande presidente" eta "Irabazi egin dugu, irabazi egin dugu" izan dira gehien entzun diren aldarriak.

Bastillaren plazatik bertatik, Hollandek esan du "entzun" egin duela herritarren "aldaketa" nahia, eta ekainean egitekoak diren legegintzarako hauteskundeak egin arte mobilizazioei eusteko eskatu die.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...