2012/04/30

2009. URTEAN: EAEko biztanleen batez besteko errenta ia 20.000 euro izan zen

BILBO, 2012/04/27 (EUROPA PRESS)

   Eustatek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin lankidetzan egin duen Errenta Pertsonal eta Familiarraren Estatistikako datuen arabera, 2009an, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) batez besteko errenta pertsonala 19.631 euro izan zen 18 urteko eta gehiagoko biztanlerian, hau da, hiru urte lehenago baino %13 gehiago.

   Lurraldeka, Gipuzkoak izan zuen errenta pertsonalik altuena, 20.270 euro; gero Arabak, 19.657 euro; eta azkenik Bizkaiak, 19.241. 2006tik aurrera begiratzen bazaio lurraldeen bilakaerari, Gipuzkoan igo zen gehien errenta, %15,9; Araban ondoren, %14,4, eta Bizkaian azkenik, %11.

   Errenta erabilgarria kontuan hartuta, hots, guztizko errentari errentaren gaineko zerga eta langilearen konturako gizarte-kotizazioak kenduta, badira aldeak hiru lurraldeen artean. Horrelal, EAE guztirako errenta erabilgarria 16.808 euro zen, Gipuzkoakoa 17.432 euro, Arabakoa 16.891 euro eta Bizkaikoa 16.411 euro.

   Errenta pertsonalik handiena duen EAEko udalerria Laukiz zen, Bizkaian: 29.128 euro. Araban Arrazua-Ubarrundia zen, 27.608 euro, eta Gipuzkoan Mutiloa, 24.804 euro. Beste muturrean, errenta pertsonalik txikienak honakoek zituzten: Bizkaian Lanestosak (11.958 euro), Araban Lantziegok (12.688 euro) eta Gipuzkoan Errezilek (15.129 euro).

   Hiriburuetako batez besteko errenta pertsonalak EAEko batez bestekoaren gainetik zeuden 2009an. Horrela, lehenengo postuan Donostia zegoen (23.054 euro), jarraian Bilbo (20.081 euro), eta azkenik Gasteiz (19.980 euro).

   Bestalde, errenta biztanleriaren artean banatzeari dagokionez, 1.585.000 ziren nolabaiteko errenta jasotzen zuten 18 urteko eta gehiagoko biztanleak, hots, %86,1; %13,9k aldiz, ez zuen inolako sarrerarik izan 2009an. Pertsonen %59,7k EAEko batez bestekoa baino gutxiago jasotzen zuten edo inongo errentarik ez; %11,5en errenta batez bestekoa bi aldiz zen, alegia, 39.200 euro pasa.

   Biztanleria bi zati berdinetan banatzen duen errenta zein den adierazten duen adierazlea da mediana, eta balio hori urtean 15.391 euro zen 2009an. Beraz, EAEko adin nagusiko biztanleen erdiak urteko 15.391 eurotik gorako batez besteko errenta pertsonala zuen; beste erdiak, aldiz, hortik beherakoa.

   Guztizko errenta pertsonalaren portzentajezko banaketa lurraldeka eta errenta-iturri nagusien arabera eginez gero, lana zen pisu erlatiborik handienekoa, eta jarraian, gizarte-transferentziak edo prestazioak.

ERRENTA, LANETIK BATEZ ERE

   EAEko egoiliarrek 2009ko ekitaldian jasotako guztizko errenta pertsonalaren osaerari dagokionez, %62,6 lanetik etorritakoa zen, 12.290 euro batez beste. Gainerako zatia honela banatu zen: %22,6 gizarte-transferentzia edo prestazioetatik, batez beste 4.441 euro; %4,6 jarduera ekonomikoen errentetatik, batez beste 901 euro; eta %10,2 kapital-errentetatik, higigarritik zein higiezinetik, batez beste 1.999 euro.

   Datu hauek, 2006koen aldean, agerian jartzen dute transferentziak %3 hazi zirela, guztirakoaren %22,6 izanik; lan-errentak %0,8 gutxiago ziren, kapital-errentak %1,1 gutxiago eta jarduera ekonomikoen errentak 0,9 puntu gutxiago.

   Lurraldeka, aldeak nabariak ziren lanaren errentek eta transferentziek guztizko errentaren osaeran zuten pisuan: Araban errentaren %64,6 lanetik zetorren eta %21 transferentzietatik; Gipuzkoan %60,6 lanetik eta %23,5 transferentzietatik; eta Bizkaian %63,3 lanetik eta %22,5 transferentzietatik.

   Gizonezkoen eta emakumezkoen artean desberdin banatu zen errenta 2009an: EAEko gizonezkoek batez besteko 25.376 euroko guztizko errenta zuten eta emakumezkoek 14.242 eurokoa, hau da, gizonezkoek emakumezkoek baino 11.134 euro gehiagoko errenta pertsonala zuten.

   Gizonezkoen eta emakumezkoen errenta pertsonalen arteko alde nabarmenak 60 eta 64 urte artean izan ziren. Adin-tarte horretan gizonen batez besteko errenta 20.920 euro handiagoa zen emakumeena baino.

   Azkenik, 18 urteko eta gehiagoko guztizko biztanleriaren errenta pertsonalik altuena 55 eta 59 urte bitartean lortu zen, batez beste 26.563 euro. Emakumezkoen kasuan batez besteko errentarik handiena 50 eta 54 urte artean (batez besteko 18.955 euro) lortu zen eta gizonezkoenean 55 eta 59 urte artean eta nabarmen handiagoa (37.023 euro).

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...