2012/02/12

EAEko sektore publikoaren mobilizazioak Eusko Jaurlaritzak inposatutako murrizketen aurka

Berria.info, 2012-02-10
LUNUZTEA SEKTORE PUBLIKOAN. MOBILIZAZIOAK


Murrizketei, erantzun oparoa


Sindikatuek emandako datuen arabera, 22.000 langilek hartu dute parte Bilbo, Gasteiz eta Donostiako manifestazioetan

Gobernuak zerbitzu publikoak «desegin nahian» dabiltzala ohartarazi dute

Milaka lagun elkartu ziren Bilbon, Donostian eta Gasteizen murrizketen aurka antolatutako manifestazioetan. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Garitano ahaldun nagusia eta Izagirre Donostiako alkatea. / J.M. / ARGAZKI PRESS

Elur artean egin dute ibilbidea Gasteizen. / RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS














Milaka lagun kalera atera ziren atzo murrizketen aurka eta kalitatezko zerbitzu publikoen alde egindako greba eta mobilizazioetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 100.000 langile publiko lau orduko lanuztera deitu zituzten ELA, LAB eta EILAS sindikatuek. Deialdiak izandako erantzunarekin pozik agertu ziren antolatzaileak, eta erantzun «oso zabala» izan zuela nabarmendu zuten. Hiriburuetan egindako manifestazio jendetsuak «oso adierazgarritzat» jo zituzten, halaber. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, atxikimendua «eskasa» izan zela ziurtatu zuen.

Sindikatu abertzaleak sektore publikoaren aldeko kanpaina egiten ari dira. 2010. urtean soldata jaitsi zitzaien langileei, eta 2011. eta 2012. urtean ez dute hazkunderik izango. Azken kolpea, hala ere, gaixoaldietan soldatak jaisteko Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia izan da. Sindikatuek mezua gizarteratzeko manifestazio nazionala egin nahi zuten joan den larunbatean, baina elurtearen ondorioz otsailaren 25era atzeratu behar izan zuten.

Erantzunaz, desados

Lanuztera deituta zeuden langile «gehienek» babesa eman zutela esan zuten ELAk, LABek eta EILASek. Udalerrietan eta foru aldundietan egon zen erantzun zabalena, haien ustez. Administrazio orokorrean, berriz, erantzuna beste deialdi batzuetan baino handiagoa izan zela ziurtatu zuten. 

Jaurlaritzako sailetan eta justizia administrazioan erantzuna %65 izan zen. Sindikatuen arabera, hezkuntzan are handiagoa izan zen: %70 unibertsitate kanpoko ikasketetan, ikastoletan eta haur eskoletan. Unibertsitate publikoetan ere «nabarmena» izan zen, eta txikiagoa itunpeko ikastetxeetan.

Osakidetzan ere beste lanuzte batzuetan baino langile gehiago atera ziren, baina gutxieneko zerbitzuek eragina izan dutela onartu zuten antolatzaileek. «Normaltasun itxura emateko asmoz, gaixoaldiak lehen aldiz ordezkatu dira azken hilabeteotan», zehaztu zuten.

Sozietate eta enpresa publikoetan greba «erabatekoa» izan zela nabarmendu zuten sindikatuek, eta soilik gutxieneko zerbitzuak bete zirela. Bilboko Metroa, Eusko Tren, Tranbia, Neiker, edo Itsasmendikoi enpresetako «langile gehienen» babesa izan zuen grebak. EITBn, Egunon Euskadi eta Ni más ni menos saioak bertan behera geratu ziren, eta Goenkale ez zen grabatu. «Salaketa jarriko dugu, EAEko Justizia Auzitegi Gorenak onartzen duelako lanuzte garaian programa grabatuak eta publizitatea emititzeak greba eskubidea urratzen duela», adierazi zuten batzordekoek. Erantzuna ia erabatekoa izan zen Bilbo, Gasteiz eta Miramongo egoitzetan. 

Foru aldundietan eta udalerrietan lanuzte «adierazgarria» izan zela azpimarratu zuten ELA, LAB eta EILASek. Foru aldundietako zerbitzu ugariak kontuan izanda, erantzuna %65 izan zen. Bilboko udaletxean %80 izan zen, Donostiakoan %75 eta Gasteizkoan %65. 

Gipuzkoan, erabateko lanuztea izan zen Tolosa, Zumarraga, Usurbil, Ordizia, Hernani, Andoain, Arrasate, Zarautz eta beste herri batzuetan, eta %70etik gorakoa Errenterian eta Eibarren. Bizkaian, besteak beste, erantzun osoa izan zen Durango, Gernika, Zornotza, Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Plentzia edo Zierbenan, eta %70 gainditu zuen Basauri, Galdakao, Leioa edo Ortuellan. Azkenik, Araban erabateko lanuztea egin zuten Laudio, Agurain, Dulantzi, Murgia eta Asparrenako udal langileek.

Estatuko administrazioan, aldiz, txikiagoa izan zen eragina, baina zenbait elkarretaratze egin zirela azaldu zuten sindikatuek.

Ohi bezala, sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzak interpretazio erabat kontrajarriak egin zituzten. Jaurlaritzako Herri Administrazio Sailaren arabera, grebak erantzun «eskasa» izan zuen, eta zerbitzu publiko guztietan «normaltasuna» izan zen nagusi. Administrazio orokorreko funtzionarioen laurden batek ez zuen beharrik egin goizeko txandan, 11:00etatik 15:00ak arte. Osakidetzan, berriz, erantzuna %5 bakarrik izan zela esan zuen Jaurlaritzak: 890 greban eta 16.451 lanean. Erantzun handiena hezkuntzan ikusi zuen Patxi Lopezen gobernuak: %35 inguru. Herrizaingo Sailean eta Justizian hamar langiletik batek egin zuen lanuztea. Lanbide enplegu zerbitzuari dagokionez, %8k babestu zuen deialdia haren arabera. 

Garraioen alorrean gutxieneko zerbitzuak bete ziren. EuskoTrenek eta EuskoTranek, guztira, zerbitzuen %49 eskaini zuten goizeko lanuzteak iraun zuen bitartean. EuskoTrenek emandako datuen arabera, langileen %58k ez zuen grebarik egin.

Oro har, gutxieneko zerbitzuak %30ean ezarri zituen Jaurlaritzak. Bilbo Metroko zuzendaritzak kopuru hori gainditu zela ziurtatu zuen. Lanuztearen lehen orduetan zerbitzuen erdia eskaini zuen, eta goiz osoan %70 eskaintzera ere iritsi zela ziurtatu zuen. Langileen ordezkariek datu horiek ezeztatu zituen, eta adierazi hamar langiletik bederatzik egin zutela greba. 

Kaleak bete jende

Manifestazioetan izandako jende kopuruaren berri ere eman zuten sindikatuek. Haien esanetan, 22.000 lagun atera ziren kalera: hamar mila Bilbon,zazpi mila Donostian eta bost mila Gasteizen.

Sektore publikoko langileek hartu zuten Arriaga plaza eguerdian. Han ziren Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide ELA eta LABeko idazkari nagusiak, baita politika munduko pertsona ezagunak ere, besteak beste, Iñaki Antiguedad Bilduko diputatua eta Zuriñe Gaintza Bizkaiko Batzar Nagusietako eleduna. 

Manifestazio hasieran, « aurreko deialdietan baino jende gehiago» mobilizatu zela nabarmendu zuten sindikatuetako ordezkariek. 12:40ean ekin zioten protestari, espero baino hamar minutu geroago. Zerbitzu publikoak garatu! Murrizketari ez! lelodun pankartaren atzetik hasi zuten Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaranzko ibilbidea, Kale Nagusian gora. BBVA bankuaren egoitzaren aurretik igarotzean Banketxeak lapurrak eta Hemen dago Ali Babaren koba oihuak entzun ziren. 

Donostian, hainbat auzotatik zetozen zutabeak batu ostean, Bulebarretik hasi zen manifestazioa, eta han bertan amaitu. Murrizketarik ez eta Jo ta ke, irabazi arte izan ziren bidean zehar errepikatutako aldarrikapenetako batzuk. Zero gradu markatzen zituen termometroak, eta bizi egin zuten bidea. Batzuek besteek baino gehiago, protesta burua Artzain Onaren katedralean zenean, azkenak orduantxe ari baitziren ateratzen.

ELA, LAB eta EILASeko banderak zituzten eskuetan manifestariek. Sindikatuetako ordezkariek ez ezik, hainbat politikarik ere parte hartu zuten, Gipuzkoako Diputazioak eta Bilduko eta Aralarreko hautetsiek bat egin baitzuten lanuztearekin. Han ziren, esaterako, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Helena Franco Ogasun diputatua eta Juan Carlos Izagirre Donostiako alkatea.

Gasteizen, mobilizazioak 11:00etan hasi ziren. Ordu horretan lanuztea hasi zen Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitza nagusian. Hirigunerako bidea manifestazioan egin zuten Jaurlaritzako ehunka langilek, eta bidean Txagorritxu ospitaleko edo Lanbideko egoitzako beste langile batzuk batu zitzaizkien.

Manifestazio nagusia Andre Mari Zuriaren plazatik abiatu zen. Langile publikoekin batera, ikasle ugari ere agertu ziren plazara. Manifestarien artean Bilduko biltzarkide eta zinegotzi gehienak zeuden, halaber. Hiriguneko kale nagusiak zeharkatu ondoren, Arabako Foru Aldundiaren aurrean bildu ziren. «Hotz handia dugu, baina bihotzak bero», esan zuten antolatzaileek oholtzatik.

Mezua berbera

Hiru hiriburuetan mezu berbera irakurri zuten manifestazioen bukaeran. Lehenik eta behin «zoriondu» egin zituzten langileak, emandako babesagatik. Murrizketez aparte, badaudela beste bide batzuk aldarrikatu zuten, eta orain arte iragarritako neurriak bertan behera uzteko eskatu zuten, haietako hainbat zerrendatu ostean. «Gaixotzea zigortzen da, erretiro duina oztopatzen da, ordezkapenak ukatzen dira, prekarietatea areagotzen da, eta soldatetan ere egurra eman digute. Iraindu eta mespretxatu gaituzte». Sindikatuen esanetan, «inoiz baino beharrezkoagoa» da une honetan zerbitzu publikoak indartzea, eta haien kalitatea bermatzea. 

Borrokarako beharra nabarmendu zuten. «Gero eta gehiago dira mobilizatzen ari diren langileak, badakigulako jokoan dagoena gure eskubideak direla». Gobernuei hizkuntza desitxuratzea egotzi zieten, «murrizketen» ordez, «trantsizioz egin beharreko egokitzapenaz» hitz egin dutelako. «Gobernuak zerbitzu publikoak desegiteko fasea prestatzen ari dira, diru publikoa interes pribatuetara desbideratzeko fasea, alegia». Gizarte zerbitzuak, osasuna eta pentsioak merkatu librera irekitzea egotzi diete. 

Era berean, sektore publikoko langileen «izen ona galarazteko kanpaina» abiaraztea leporatu diete. «Pribilegiatuak eta alferrak garela esaten digute. Klinika pribatuetatik edota osasun aseguru konpainietatik etekinak ateratzeko osasuna izateko eskubidea kendu nahi digutenak, horiek dira pertsona doilarrak eta pribilegiatuak eta ez gu», azaldu zuten. 

Testu hau Ivan Santamaria, Gorka Salces eta Miren Garateren artean idatzi dute.

ZER NEURRI ONARTU DITU JAURLARITZAK?


Soldatak



 Izoztuta. 2012ko aurrekontuetan, funtzionarioen soldatak izoztu zituen, eta pentsioei egiten zitzaien ekarpena kendu. 2010ean soldatak jaitsi zizkieten, eta iaz ez zitzaizkien igo.

Gaixoaldiak



 Egunak 1-3. Soldataren %50 ordainduko da lehen gaixoaldian, eta %40 bigarrengoan. Hirugarrenetik aurrera, lehen hiru egunetan ez da osagarririk emango.

 Egunak 4-20. Soldataren %75 arte osatuko da.

 Egunak 21-44. Soldataren %85 arte osatuko da.

 45 egunetik aurrera. Kasu horietan, soldata osoa osatuko da. 

 Salbuetsita. Gaixotasun profesionalek eta lan ezbeharrak.

 Murrizketarik ez. Amatasuna, aitatasuna, haurdunaldi arriskutsua, arriskua edoskitzean, ospitalizazioa eta ebakuntza.

Bestelako neurriak



 Adineko baimenak. Soldatarik gabe lanaldia aldatzeko aukera ematen duten baimenak kenduko dira.

 Borondatezko erretiroak. Ez dut e ordainik jasoko.

 Txanda kontratuak. Ezohiko kasuetan tramitatuko dira.

 Lanaldia luzatzea. Funtzionarioek ezingo dute 65 urtetik aurrera lanean jarraitu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...