2012/02/10

AEBetako bankuek hipoteken neurrigabekeriagatik ordaindu beharko dute


AEBetako bankuek hipoteken neurrigabekeriagatik ordaindu beharko dute.

HITZARMEN HISTORIKOA

Eitb.com, ERREDAKZIOA, 2012/02/10

"Akordioa abiapuntua da. Bankuek beren partea betetzen dutela egiaztatuko dugu", esan du Barack Obama AEBetako presidenteak Etxe Zurian egindako agerraldian.
Obamak "historikotzat" jo du kalte-ordainak zehazten dituen akordioa, eta, tabakoaren industriarekin akordioa lortu zutenetik, AEBetako estatu federaletako eta estatu-mailako agintariek eta sektore ekonomiko batek adostu duten garrantzitsuena dela esan du. Horri esker, gainera, "arduragabekeria nagusi izan den aro bat" ixten lagunduko du, Obamaren arabera.
Bankuek ordainduko duten diru gehiena (12.800 milioi euro) maileguak moldatu behar dituzten pertsonei berehala laguntzeko izango da.
2.257 milioi euro gehiago ordainketak egunean izan arren euren hipoteken balioa euren etxebizitzarena baino handiagoa dutenen zorra birfinantzatzeko izango dira.
Halaber, 1.128 milioi euro etxea galdu duten 750.000 jabeei emango dizkiete, eta estatuek ere dirua jasoko dute hipotekak exekutatzearen aurrean hiritarren babesa indartzeko.

IRUZKINA

AEBetako banketxeek errua aitortu dute

JESUS TORQUEMADA, Eitb.COM, 2012/02/10
Barack Obama presidentea akordio batera iritsi da AEBetako bost banketxe handirekin, hipotekekin iruzur egin zieten bezeroei kalte-ordaina eman diezaieten.
Gauza arraroak gertatzen ari dira mundu mailako krisi ekonomiko honetan. Azken hamarkadetan, babes sozialerako neurriak onartu izan ditu Europak. AEBek, berriz, askatasun gehiago eman izan diete kapitalistei.
Orain erabaki harrigarria onartu berri dute AEBetan. Barack Obama presidentea akordio batera iritsi da AEBetako bost banku handienetakoekin. Akordio horren arabera, banku horiek kalte-ordainak emango dizkiete maileguekin iruzurra izan zuten bezeroei. Bankuek onartu dute gehiegikeriak egon zirela eta informazioa ez zela behar bezala eman maileguak ematerakoan. Hortaz, 20.000 milioi euro inguru ordainduko dituzte kalte-ordainetan.
Berez, ez da akordio txarra bankuentzat. Batetik, euren kontrako prozesu legal ugari saihestuko dituzte. Bestetik, isuna jarriko zietela aurreikusi zuten, eta dirua aurrezteko denbora izan dute ordainketei aurre egiteko.
Baina pertsona asko dago. Milioi bat izan daitezkeela uste da. Milioi bat inguruk galdutako dirua berreskuratu ahal izango du. Europan, berriz, doiketetan eta murrizketetan murgilduta jarraitzen dugu.



    No hay comentarios:

    Publicar un comentario en la entrada

    Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...