2011/10/16

Europaren mitoa


Zeus jainkoaren amarrukeriak biziki ezagunak dira greziar mitologian. Sexu eta amodio kontuetan beti ateratzen zen garaile, agian   jainkoen jainkoa zelako, eta horrexegatik, botere ahalduna. Zuzen edo oker jokatuz, nahi zuena beti lortzen zuen. Horra hor, esaterako, jainko amainari horren grina erakarri zutenaren jainkosa, ninfa, emakume eta gizasemeen  zenbait izen:  Danae, Ganymedes, Io , Leda, Semele, Leto...
 
Horietako bat EUROPA dugu. Emakume hau, Mediterraneoko Ekialde aldekoa zen, Feniziako  Tiroko  Agenor erregearen alaba zenbaiten ustetan. Beste bertsioetan   Fenixen alabatzat jotzen dute, eta hartara , Agenor horren  iloba izango genuke. Ama, Telefasa zeritzola diote adituek eta Cadmo, Cilix eta Fenix haren anaiak.
 
Mitoaren arabera, Europa neskaren xarmak Zeus liluratu zuen , eta horrek, Hermesen laguntzaz gaztearen bahiketa prestatzeari ekin zion. Horretarako, itxuraldatuko zela erabakiaz hartuta ,  Zeus zezen zuri eta mantso  eder batez metamorfositatu zen. Orduan  Hermesek, idi talde baten  itzain bihurturik, eta Zeus,  animaliaren itxura hartuta, Europa eta beste neskatxak jostatzen ari ziren hondartzaren ondoko larreetara abiatu ziren.
 
Rubens. El Prado Museoan. Madril.
Hasiera batean neska gazteek beldur zioten zezenari, baina denborak aurrera egin ahala,  hain otzana zela  ikusirik, eta guztiz aratza zela sinetsirik, laztantzen hasi zitzaizkion. Behin konfiantza hartuta, loreez egindako girlandak jartzen dizkiote lepoan eta adarretan eta  bake ederrenean aritzen dira berarekin. Zezenak Europaren oinak musukatzen ditu, eta gozoak dira neskaren irriak, geroxeago  zezena makurtu egiten da, eta arras  biguna  dirudi  neskari eskainitako bizkarrak. Europa  guztiz fidaturik  zezenaren gainean eseriko da eta hasperen bezain  laburra izango da haren zoriontasuna.
 
Europaren bahiketa. Rembrandt.
Zeusek Europa  bere gainean dagoela konturatuta, ziztu biziko lasterketan hasten da uren gainetik. Zezena gero eta urrunago dagoela ikusten dute Europaren lagunek, gero eta txikiago antzematen dute beraien adiskidea itsasoko zerumugaren  kontra. Laguntzeko aukerak gero eta urriagoak direla ulertzen dute. Ze haizeek babesa ematen baitiote Zeusen ihesaldiari, haren pausoen indarra berrindartzen, haren urratsen  tamaina biderluzatzen, Europaren bahiketa borobiltzen. Baina  haizeak ez dira izango Zeus jainkoak izango dituen laguntzaile eta konplize  bakarrak, zeren  itsasoan barrena trostan  zebilelarik, bertako jinkoak azaleratu ziren bikotea gorteiatzeko.
 
Ibilaldiaren amaiera Kretan dago. Gortinan izeneko tokian,  iturri eta platano baten ondoan  Zeusek Europa bortxatu zuen.
 
Hau guztia gertatzen ari zen bitartean Agenor bere alaba aurkitzeko zer egin ez zekiela, Cadmo bidali zuen haren bila honela esanez:
Fernando Botero. Medellin, Kolonbia
- Ez zaitut geure erreinuan onartuko ahalik eta zure arreba aurkitu arte.
 
Hemendik aurrera horrela dio mitoak: iturriri eta arbolari ez zirela inoiz agortuko agindu ziela jainkoak, Europak hiru seme izan zituela - Minos, Sarpedón eta Radamantis -,  eta hiru opari eman zizkiola Zeusek emakumeari: Talo, brontzezko automata bat, zeinak Kretako kostalde defendatzen zuen etsaietatik; ehizan beti asmatzen zuen txakur bat, eta azkenik, xabalina bat, jomugan beti ematen zuena.
Horretaz gain, Zeus irlan bertan geratu ezin zenez, Asterionekin, Kretako erregearekin,  ezkondu zuen Europa, eta senarrak Zeusekin izandako semeak adoptatu zituen bere oinordekoak izan zitezen. 
Manolo López, 2011.
Mixta, acrílico sobre papel, 30x40 cm
 
Europa hil zenean jainkoen ohoreak lortu zituen eta Zeusek hartutako metamorfosiaren itxura, zezena itxura hori, konstelazio eta zodiako zeinu  bihurtu zen.   Izar bilakatze horrek katasterizazioa du  izena eta greziar mitologian askotan ematen den amaiera bat da.
 
Antzinako Greziako mitologiaren berri, Ovidiori esker izaten  dugu, besteak beste. Olerkari latindar honek, beste mitoekin batera,  Europaren bahiketa ezagutarazi zigun Metamorfosiak izenaz zabaldu zen olerki luzean. 

Testuaren ITURRIA: Elkarrekin (EAEko irakasleen ataria)
Gehiago jakin nahi ba duzu...: Europaren bahiketa Artearen historian.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...