2012/03/04

Mesfidantza protagonista Errusiako hauteskundeetan

110 milioi lagunek hautatuko dute datorren sei urterako izango duten presidentea. Oposizioak manifestazio ugari deitu ditu Putin berriz ere presidente izatea ekiditeko.

EITB.com, 2012/03/04

Presidentetzarako bozetarako bost hautagai aurkeztu dira, baina Vladimir Putin lehen ministroa da faborito. Orain lau urte kargua utzi zuen Dimitri Medvedev bere konfiantzako gizonaren esku, eta orain, berreskuratzea du helburu. 

Hauteskunde kanpaina protestaz beterik egon da eta inoiz Errusian ikusi gabe zeuden manifestazio jendetsuak izan dira azken egunetan protagonista. Gainera, iruzurraren susmoa da hizpide, baina Kremlinak nazioarteko esku-hartzea salatu du.

Segurtasun neurri handien artean igaroko da hauteskunde eguna eta 400.000 polizia baino gehiago egongo dira dena gainbegiratzen.

Kaliningrado, mendebaldean dagoen hiria izango da azkena boza ematen, Espainiako 18.00etan.

Milaka eta milaka lagun, horietako asko Sobietar Batasuna desegin ostean jaio ziren lehen belaunaldikoak, kalera irten dira azken asteetan gardentasuna exijitzeko, izan ere, joan den abenduko parlamenturako azkeneko hauteskundeetan izan omen ziren iruzur-salaketak ez dira oraindik isildu, eta nazioarteko hainbat erakundek eta behatzailek irregulartasunak salatu dituzte.

Putinekin batera beste lau hautagai aurkeztu dira: Gennady Zyuganov, Alderdi Komunistaren partetik; Sergei Mironov, Goiko Ganberako presidente eta lehengo urtera arte Bidezko Errusia alderdiko buruzagia; Vladimir Zhirinovskik ultraeskuindarra eta Mijail Projoroz milioi asko dituen handikia. 

Azken inkestek alde handia ematen diote Putini, eta garaipen zuzena eskuratzeko beharrezkoa den bozen % 50 bermatuta duela dirudi.

Protestak
Oposizioa protesta ugari egiten ari da. Iruzurra salatu dute eta Putinek bigarren itzulia ekiditeko behar dituen bozen % 50 ez lortzea dute helburu.
**************

Putinek aise irabazi du, baina oposizioak iruzurra salatu du. Agintaria presidente izango da berriz, azken agintaldian lehen ministro izan eta gero, hauteskundeak lehen itzulian irabazita. Eitb.com, 2012/03/05. 

Errusiako oposizioa kalera aterako da, ustezko iruzurraren aurka. Oposizioak manifestazioa deitu du arratsalderako. Nazioarteko begiraleek agerraldia egingo dute eguerdian. Eitb.com, 2012/03/05. 

Iruzkina: Vladimir I Handia, Errusiako tsarra. Vladimir Putin eta Dimitri Medvedev senitartekoak ez diren arren, familia dinastia baten antzekoa osatu dute.  

Vladimir Putin 2000 eta 2008 urteen artean izan zen presidente, 4na urteko bi agintaldi egin zituen. Errusiako Konstituzioak ez zion bi agintaldi baino gehiago segidan egiteko aukerarik uzten, beraz, Putinek akordio bat lortu zuen Medvedevekin: azken hau presidente kargura aurkeztuko zen eta honek Putin izendatuko zuen lehen ministro eta behin 4 urteak pasata berriro ere lekua libre utziko zion Putini honek berriro presidente izateko aukera izan zezan. 

Lau urtez eserlekua gordetzearen truke, Putinek lehen ministro izendatuko zuen Medvedev gauzak honela biek jarraituko zuten soldata ofiziala jasotzen baina ezberdintasun batekin, bitarte horretan Konstituzioa aldatu da eta aurrerantzean presidentearen agintaldia ez da 4 urtekoa izango, 6koa baizik. Horrek esan nahi du Putinek beste 12 urtez jarraian Kremlinean egoteko aukera izango duela. Errusiako enperadore batzuk ez zuten hainbeste urtez egoteko aukerarik izan. 

Putinen gobernatzeko moduak, nagusikeriazko estilo horrek eta bera garaile ateratzen den hauteskundeen gainean izaten diren irregulartasun salaketek argi erakusten dute Putinek gutxienez 2024 arte agintean jarraitu nahi duela. Bitartean beste zerbait asmatuko du data horretatik harago ere agintean jarraitzeko.

Jesus Torquemada, eitb.com, 2012/03/05.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...