Argazkia: FLYDIME/FLICKR |
BILBO, 2012.11.14 (EUROPA PRESS) -
Euskal arrantzaleek azken bost urteetako hegalabur eta hegaluze kanpainarik oparoena amaitu berri dute. Kanpainaren balorazioa "oso positiboa" izan da harrapakinetan eta lortutako prezioan.
"Ezin beste baloraziorik egin, oso positiboa da. Esan besterik ez dugu 2008. urteko kanpaina hobetu eta 2007an arrantzatu ziren 7,5 tona arrainetik oso gertu gelditu dela. Beraz, 2012ko kanpaina azken urteetako oparoena izan da", Jokin Diaz Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Elikagai Industrietako jarduneko sailburuordeak adierazi duenez.
2012rako Europak finkaturiko TAC (urteko harrapaketa kopurua) arrantzatzera ez badira iritsi ere, euskal arrantza-ontziak 22.491.666,47 euroko balioa duen 6.477.361,98 kilo hegaluze porturatu dituzte eta, batez beste, lonjan 3,47 euro ordaindu da kiloa. Halaber, 134.388,50 kilo hegalabur porturatu dituzte eta lonjan, batez beste, kiloko 7,33 euro ordaindu da. Guztira, beraz, 985.480,23 euro.
Diazen hitzetan, "harrapaketen kopuruaz eta lonjan lortutako batez besteko prezioaz gain, beste arrazoi batzuengatik ere izan da arrakastatsua kanpaina. Hegaluzea Bizkaiko Golkora sartu da eta, beraz, ontziak bidaia motzagoak egin behar izan ditu arrantzatzeko, eta horrek gasoilean eta denboran duen kostua gutxitu egin du. Era berean, arraina ere freskoagoa iritsi da merkatura".
Eusko Label zigilua duen hegaluze kopuruan ere, beste urteetako kopuruak luze gainditu dira; zehazki, guztira 360.760 unitate arrantzatu dira, hau da, 2011. urtean baino %176 gehiago.
Diazen arabera, "arrandegietan Eusko Label zigilua duen hegaluzea saltzeak eskaria handiagoa izatea ere bultzatu du eta, beraz, Eusko Jaurlaritzatik kontsumitzaileari zuzendu dizkiogun kontzientziazko eta promoziozko kanpainak arrakastatsuak izan direla esan dezakegu".
No hay comentarios:
Publicar un comentario