Eitb.com, Erredakzioa, 02/07/2012 12:39:00
Euskadin bizi diren emakume etorkinei buruzko
ikerketa baten arabera, lau atzerritarretik bat emakume latinoamerikarra
da eta gehienek etxeko lanak eta zaintza arloko lanak egiten dituzte.
EAEn bizi diren 70.200 emakume etorkinek 224,1 milioi euroko
zerga-ekarpena egiten dute. Emakunderen aburuz, datu horrek, biztanleria
gaztetzeaz gainera, bertoko emakumeek lan-merkatuan sartzearen alde
egiten du.
Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak Emakunderen
Euskal gizartean bizi diren emakume etorkinei buruzko ikerketa aurkeztu
du. Txosten horretan, Euskadin bizi diren lau pertsonatik bat emakume
latinoamerikarra dela azaldu dute, eta gehienek etxeko lanak eta zaintza
arloko lanak egiten dituzte.
EAEn bizi diren atzerritarren artean
(biztanleria osoaren % 6,4), talderik jendetsuena latinoamerikarrena da
(% 41,8); atzetik Europako beste estatu batzuetatik etorritakoak (%
24,9), afrikarrak (% 22,4) eta asiarrak (% 6,5) daude. Talde guztietan
gehiengoa gizonezkoek badute ere, latinoamerikarren kasuan gehiago dira
emakumeak (36.000 emakume eta 23.800 gizon).
Emakume latinoamerikarrak
emakume atzerritarren % 25,3 dira. Ikerketak erakusten duenez,
immigrazio-fluxua uste baino arautuago dago gizartean, eta herrialde
hartzailearen premiak eta herrialde igorlearen eskaintza zehaztasun
handiz egokitzen dira. Horrek azaltzen du zergatik dagoen euskal
gizartea Latinoamerikako etorkinen alde eta zergatik diren gero eta
gehiago emakumeak herrialde horietatik etortzen diren etorkinak. Hori
gorabehera, Afrikako emakume etorkinek, hainbat arrazoi direla medio,
arrisku handia dute ez aurrera ez atzera gelditzeko eta baztertuak
izateko. Egoera ahulenetan dauden emakume taldeak afrikarrak eta
txinatarrak dira.
Datuek adierazten dutenez, emigranteek batez ere
lanagatik emigratzen dute. Horren ondorioz, atzerriko emakumeek errenta
eta aberastasuna sortzen dute hainbat modutara, legez edo legez kanpo,
zuzeneko ekarpenen bidez edo zeharkako zergen bidez.
Atzerriko
emakumeen jarduera-tasa bertako emakumeen jarduera-tasarena halako bi
da. Hortaz, euskal ekonomian sortzen den errentaren % 1,7 sortzen dute
gutxienez eta EAEko Ogasunaren zergadun garbiak dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario