Eitb.com, Erredakzioa, 12/06/2012 12:25:00
Grezia eurotik ateratzen bada, Europako herrialde guztietan eragina izango du. Argazkia: EITB |
Greziak euroa uzten badu, erabaki horrek
herrialde horretan nahiz Europar Batasunean izango lituzkeen ondorio
nagusiak laburbildu ditugu.
Datorren ekainaren 17an egingo dituzte hauteskundeak Grezian eta
emaitzak Europar Batasunaren etorkizunean eragina izango du, bozak
igarotzean eurogunean jarraitu ala ez erabaki beharko baitu. Azken
hilabeteotako gertakariak ikusita, badirudi Greziak euroa uztea
erabakiko duela. Hori horrela bada, zer gertatuko litzateke Grezian?
1. Grezia eurogunetik ateratzen bada, moneta berri bat sortu beharko luke eta normalena drakma
moneta berreskuratzea izango litzateke. Alabaina, moneta propioa
martxan jartzeko diru asko xahutu beharko luke: kutxazainetako diru
guztia aldatu, moneta berria ekoizteko makinak abian jarri, trukerako
programak prestatu, herritarrak moneta berria erabiltzeko trebatu...
2. Moneta berriak balioa galduko luke, baina horrek bi ondorio positibo izango lituzke Greziarentzat:
- Alde batetik, esportazioak ugarituko ziren. Monetak
balio gutxiago izanda, produktu greziarrak atzerrian merkeagoak izango
lirateke eta, ondorioz, salmenta kopuruak gora egingo luke.
- Eta bestetik, turismoa haziko litzakete, atzerritarrentzat merkea izango litzakeelako oporretan Greziara joatea.
Moneta berriak balioa galtzearen ondorio negatiboak:
1. Kapitalak atzerrira joango lirateke. Inbertitzaileek
jakin jakingo dute euren diruak, drakmatan mantenduz gero, balio
gutxiago izango duela eta, beraz, beste moneta batengatik trukatuko
dute.
2. Mundu guztiak diru greziarra aldatu nahiko du, aldi berean joango dira bankuetara dirua ateratzera eta horrelakoetan gertatu ohi dena jazoko da: Greziako finantza-sistemak porrot egingo du eta
Greziako Estatuak ez du gaitasunik izango bankuak erreskatatzeko. Kontu
hartu behar da Greziak gaur egun ez duela ahalmenik bere zorrak
kitatzeko eta moneta berriak balio gutxiago izango duenez, bere zorra
oraingoa baino garestiagoa izango da.
3. Greziarrek drakmak trukatzen dituztenean, Greziako Gobernuak truke-tasak kontrolatu beharko ditu eta horrek atzerri-komertzioan eragin negatiboa izango luke.
4. Monetaren balioa gutxituta, greziarren diruak gutxiago balioko du eta, ondorioz, pobreagoak izango dira.
ETA GREZIAK EUROGUNEAN JARRAITZEA ERABAKITZEN BADU?
1. Greziak subiranotasuna galduko luke. Greziako Gobernuak gero eta erabaki gutxiago hartzeko ahalmena dauka, areago troika-k egindako erreskatearen ostean.
2. Ekonomiaren geldialdia. Doikuntza
eta murrizketa politikarekin jarraituz gero, Greziak zenbait urte
beharko ditu hazkunde ekonomikoarekin hasteko eta enplegua sortzeko.
ETA GREZIA EUROGUNETIK ATERATZEN BADA, ZER GERTATUKO LITZATEKE EUROPAR BATASUNEAN?
1. Europako Banku Zentralari eta gainerako bankuei ez litzaieke ordainduko. Horrenbestez,
Europako Bankuak kapital bilketa bat egin beharko luke, baina horrek
koste ekonomiko handia suposatzen du, zorra garestitu egingo litzateke
eta politikoki Europako herrialdeek hilabeteak beharko lituzkete akordio
batera heltzeko.
2. Kutsatze-efektua.
Greziaren erabakiak Portugal kolokan jarriko luke, eta Portugalek porrot
egiten badu, Espainia arriskuan egongo litzateke; izan ere, Portugalek
Espainiari 65.700 milioi euro ordaintzari utziko lioke. Beraz,
Espainiaren egoera ekonomikoak okerrera egingo luke, langabeziak gora
egingo luke eta porrot egiteko arriskuan egongo litzateke.
3. Horiek horrela, depresio ekonomikoa Europara zabalduko litzateke, esportatzaile indartsuena den Alemaniak erosleak galduko lituzke eta, ondorioz, atzeraldian sartuko litzateke, Europako motor ekonomikoa izateari utzita.
ITURRIA: Economipedia
No hay comentarios:
Publicar un comentario