Finantza krisia
Adrian Serrano Norbolsako adituaren hitzetan, "Espainiak demografiari lotutako arazo ekonomikoa du".
Eitb.com, Naiara Ballesteros, 04/08/2011 14:09:00
Inbertitzaileek une jakin batean herri bateko ekonomian duten
konfiantza maila neurtzeko tresna da arrisku saria. Horretarako,
Alemaniako bonorekiko aldea erabiltzen da, hori baita fidagarriena.
Espainiako
zor publikoaren interesaren zenbatekoa Altxor Publikoak egindako
enkantean zehazten da, jaulkipen bakoitzerako. Interes hori lehen
mailako merkatuan zehazten da eta ez da inoiz aldatzen bonua indarrean
den bitartean. Hala ere, jaulkipen merkatuan, lehen mailako merkatuan,
erosten dituzten inbertitzaileek negoziazio merkatuan, bigarren mailako
merkatuan, saldu ahal dituzte, iraungi baino lehen.
Herrialde
baten arrisku saria gehiegi igotzen bada, herrialde horretako zor
publikoa garestitu egiten da, eta bankuen eta enpresen likidezian eragin
kaltegarriak izan ditzake horrek.
Zor publikoa asko
garestitzen bada eta, hartara, Estatuak hori saltzeko zailtasunak
baditu, bankuek arazo handiagoak izango dituzte atzerrian finantzazioa
lortzeko, eta, ondorioz, kreditu gutxiago eta garestiagoak emango
dizkiete enpresei eta herritarrei. Halaber, enpresa horiek lanpostu
gutxiago eskainiko dituzte eta herritarrek gastu txikiagoa egingo dute,
zailago baitute dirua izatea.
Adrian Serrano Norbolsako
adituaren hitzetan, "zaila da egoera onartzea". "Inbertitzaileek ez dute
konfiantzarik Espainiako zorra erosteko, herrialdearen egituran arazo
bat dagoelako. Demografiari lotutako arazo ekonomikoa dauka Espainiak".
"Pertsona
nagusiek erretiro-pentsioak kobratzen zituzten bitartean, belaunaldi
ugariek lan egin eta ekoitzi egiten zuten, orain arte; orain, gazteak
gutxiago dira eta arazo handiagoak dituzte lan-merkatuan sartzeko, eta
''baby boom’aren garaiko gizon-emakumeen erretiro pentsioei, osasun
zerbitzuei eta abarri egin behar diete aurre", esan du Serranok.
Halaber,
bizi itxaropena handiagoa denez, arazo demografikoa areagotu egin da;
izan ere, inbertitzaileen ustez, "Espainiak azpiegitura ekonomikoa
aldatu behar du, edo zaila izango da norbaitek bere zor publikoa
erostea".
EAEko egoerari dagokionez, Serranok "hobe samarra"
dela esan du, baina Espainiako egoeraren mendekoa dela ere ohartarazita;
izan ere, Espainiaren egoera "zaila" bada, "Euskadiri ez diote
diferentzial hoberik emango atzerrian saldu nahi duenerako".
Azkenik,
Espainiaren balizko erreskate baten harira, Serranok bideraezina dela
uste du, Grezian, Portugalen eta Irlandan planteatu den moduan
behintzat; izan ere, EBk ez du diru nahikorik Espainia erreskatatzeko.
Hala ere, "abuztuan aldaketa asko izaten dira eta horiek asko igartzen
dira, gainera "; hortaz, “itxaron beharko da”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario