EITB.com, Erredakzioa, 2012/02/15
Olli Rehnek "gehiegizko" sei desoreka
makroekonomiko, besteak beste langabezia tasa, zuzentzeko eskatu dio
Mariano Rajoyren Gobernuari; bestela, baliteke Espainiari 1.000 milioi
euroko isuna jartzea.
Europako Batzordeak "gehiegizkotzat" jo dituen sei desoreka
makroekonomiko zuzentzeko eskatu dio Espainiari; besteak bete,
langabezia murrizteko eskatu diote; osterantzean, 1.000 milioi euroko
isunari aurre egin beharko lioke.
Olli Rehn Europako Batzordeko
presidenteorde eta Gai Ekonomikoetako arduradunak prentsaurrekoan azaldu
duenez, Espainiaren kasuan, "abian jarritako oinarrizko erreformen
analisi sakonagoa behar dugu", batik bat langabezia-tasa handia, eta
higiezinen burbuilak eta maileguen 'boom'ak herrialdean eragindako
egoera zailaren ondorioz.
Halaber, Europako Batzordeak 2012ko
aurrekontuak "azkar" aurkezteko eskatu dio Espainiari, defizita
murrizteko konpromisoa daukan erakusteko.
Olli Rehnen hitzetan,
orain "ezin dira" Espainiaren 2011ko defizit datuei buruzko "ondorio
goiztiarrak atera". Ildo horretan, Europako Batzordearen aurreikuspen
ekonomikoak gogorarazi ditu: tartekoak otsailaren 23rako, eta osoak
udaberrirako.
Europako Batzordearen arabera, 12 Estatu kideren egoera ekonomikoaren analisian sakondu behar da.
Hamar
adierazle kontutan hartu ditu Europako Batzordeak desoreka ekonomikoen
lehen txostena egiteko: langabezia, defizita, nazioarteko inbertsioak,
esportazioen kuotak, lan-kostuak, truke kostuak, sektore pribatuaren
zorra, maileguen jarioa sektore pribatuan, etxebizitzaren salneurria eta
zor publikoa. Eta Espainiak horietako seitan huts egiten du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario